'Dance On'
Sormen arloa: Kat Valastur, Matteo Fargion. Dantzariak: Brit Rodemund, Ty Boomershine, Amancio Gonzalez, Jone San Martin, Ami Shulman, Christopher Roman. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urriak 15.
D2016ren gonbidapenari erantzunez, Dance On konpainia ekarri du bere jaioterrira Jone San Martin dantzari etakoreografoak. Berlinen egoitza duen konpainiaren bereizgarria da bere dantzariak berrogei urtetik gorakoak direla, eta, aukera honetan ikusi dugun bezala, haren beste ezaugarriak dira dantzari guztien heldutasun bikaina eta muturreko araztasuna arlo estetikoetan.
Those Specks of Dust (Hauts izpi haiek) izeneko piezan behegainetik sakabanatuta agertu dira bost dantzariak, hasierako belztasuna eta soinu iluna argitu direnean. Kat Valastur koreografoaren hasiera hori esanguratsua suertatu da lanaren planteamendurako, dantzariak gehienbat beren baitan gordeta ibili baitira, gizakiaren egoera primitiboeneraino itzuli nahian bezala, jatorrian geneukan baina milaka urtetik honaino ahaztua dugun izaera telurikoa berreskuratzeko bidean, harkaitz bihurtu eta haien balizko mugimenduak irudikatuz, mugimenduei trakestasun ia patetikoa komunikatuz eta noizean behin, oso noizean behin, besteekiko kontaktua bilatuz, ukondo edo belaunen bat ukituta eta haren flexioa sorraraziz.
Filippos Kavakasen eremu eszeniko hutsean ganoraz baliatu dira hiru elementu nabarmenak: albo batean eskegita zegoen kobrezko xafla zimurtuak bere oinarrizko hotsa atera du dantzari batek bere zorizko ibileran jo duenean, soinuaren oinarrizko pertzepzioa gogoan, eta hauts horiz estalitako danbor karratuak kolpe bakarrez atera duen hotsak izaki trakets haien aztoramena eragin du tarte batez, ohiko mugimendu deslaiak itzuli diren arte. Hala ere, hirugarren elementuak sortu du kontrasterik behinena, izakiok ballet-barra deskubritu eta milaka urte beranduago gauzatuko zen dantzaren artea etorkizun urrunean susmatu dutenean, Stanley Kubricken tximino hark hezurra airera bota eta espazio-ontzi bihurtu zenean bezalaxe.
Gaualdiko bigarren atala 7 Dialogues deitu da, eta konpainiako sei dantzariek —lehenagoko bostek gehi Christopher Romanek— solo bana ekarri dute Matteo Fargionen gidaritza artistiko pean. Izenburuaren esangurari jarraituz, beste hainbeste artistaren eragina jaso omen dute dantzariek, baina Matteo Fargion izan da horren guztiaren arima, bera egon delako eszenako albo batean haien proposamen pertsonalak pianoz eta kantuz girotzen, Schuberten lehen partituraren desegituraketan bermatuta —Der Erlkönig (Elfoen erregea), hemezortzi urterekin konposatua—.
Esan bezala, interprete bakoitzak beraren ikuspegia ekarri du taulara, eta eskertu behar ditugu Jone San Martinek eta Brit Rodemundek dantzarekin batera euskaraz esandako hitzak —zein gaizki gauden, hain gauza elementala eskertu behar izatea gero!—, baina eskertu egiten dugu, Amancio Gonzalez bizkaitarraren umore zoragarria eskertu dugun moduan. Egia esan, ez dugu inondik ere sumatu artista kolaboratzaileekin izandako elkarrizketen aztarnarik, baina solo guztietan antzeman da dantzari bakoitzaren arazketa-prozesua, ardo onduetan bezala urteen eta baldintza zorrotzen ondorioz ezinbestean sortu dena.