KRITIKA. Donostiako 51. Jazzaldia

Soseguaren arratsa

Diana Krallek hunkitu egin zituen ikusleak, eta hunkitu egin zen bera ere. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Bobo Stenson Trioeta Diana Krall

Tokia: Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 25.

Aspalditik erakutsi dute eskandinaviarrek jazz izugarri ona egiten dakitela, eta Trinitatekoa, beste erakustaldi bat izan da. Bobo Stenson suediarra sekulako eskarmentua duen musikaria da, eta izar handien ondoan jardun du sarritan, Dexter Gordon, George Russell, Don Cherry, Stan Getz eta Charles Lloydekin, esate baterako. Jan Garbarek ospetsuarekin gutxienez hiru disko grabatu ditu. Arild Andersen baxu jotzaile bikainak ere musikari amerikarren ondoan jo izan du. Bill Frisell, Hampton Hawes, Johnny Griffin, Sonny Rollins, Sheila Jordan eta Chick Corea zerrendako batzuk baino ez dira. Jon Falt bateria jotzaile gazteak osatzen du hirukotea.

Egiten duten musika zoragarria da, lasaia, kristalaren gardentasuna duena, sentsibilitate hutsa, eta agian iparraldeko elurra urtu nahian edo, erritmo latinoak izaten dituzte iturburu. Halako batean, Monpouren Cancion numero 6-en doinuak entzuten ditugu, ala Silvio Rodriguezen El Mayor-en melodia sumatzen dugu, ez era nabarmen batean, dotore sartzen dituzte motiboak; nabarmenkeria gabe erabiltzen dituzte doinu horiek. Emaitza: bitxi liluragarria. Serenity (1999) diskoak markatu zuen ibilbidea jarraitzen eta sakontzen ari dira, eta emaitza bikaina da. Erakutsi digute soseguaren arrats honetan kolore izugarriak daudela betiko argitasunaren errainuetan, begia ohitua badugu halako zereginetarako —kasu honetan belarria ohitua badugu—. Aurten Bobo Stensonen hirukotea izan dugu europar jazzaren ordezkari bakarra Trinitateko emanaldietan, eta gainezka zegoen plazaren onespena jaso du zalantzarik gabe.

Diana Krall (Nanaimo,Vancouver, Kanada, 1968) piano jotzaile eta abeslaria taula gainera igo orduko ikusleria osoa liluratua zuen. Erritmo lasaietan ibiltzen da eroso abesten, eta swing eder bat erabiltzen du pianoan erritmoa pittin bat arintzen duenean. Ez da sortzaile ikaragarri bat, baina ondo baino hobeto egiten du egiten duena, ahots gozo batekin abestu. Lokartu egin beharko gintuen halako soseguarekin egindako musikak, baina, aitzitik, abestitik abestira gero eta interesgarriago eta sakonago egiten zaigu haren musika, soseguaren arrats honetan.

Hunkitu zen Trinitateko emanaldian, hunkitu zen giroarekin, jendearekin, eta Anthony Wilsonekin, azken hamabost urteetan berarekin jotzen duen gitarra jotzaile bikainaren soloekin. Gitarra garbia sendoa eta, era berean, arina du Los Angelesko (AEB) gitarrista horrek, ondo baino hobeto egokitzen da swingera, solo azkarrak eta ederrak egiten ditu, eta une batean lehertzeko zegoela iruditu zaigu, kasik, Krallen musikatik gailentzen, baina, ez da horrela izan. Diana Krall ez da lehertzen. Oso orekatua da, alai eta hunkituta azaltzen bada ere, eta haren musika garbia eta ederra da, xuxurlatua, garrasirik gabea. Bis luze eta eskuzabala egin zuen, eta Trinitatean sartzen ez ginen ikusleok lasai entzun genuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.