KRITIKA. Zinema

Sortzailearen begietatik

Willem Dafoe aktorea, Vincent Van Goghen rolean, At Eternity's Gate-n. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

'At Eternity's Gate'



Zuzendaria: Julian Schnabel. Aktoreak: Willem Dafoe, Rupert Friend, Oscar Isaac, Mads Mikkelsen, Mathieu Amalric, Emmanuelle Seigner. Herrialdea: AEB. Iraupena: 111 minutu.

Asko eta askotarikoak dira Van Goghen inguruan —Vincent, jakina, Theorena oraindik egiteke baitago— egin diren filmak, batzuk zinez nabarmenak.

Horietan, artistaren gorabeherak bizi, eromenaren zirimolan sartu, eta arrakasta berantiarraren bidegabekeria pairatu ditugu; gutxi dira zinemaren aldetik horrenbesteko arretarik jaso duten pertsonaiak. Dudarik ez da, Van Goghen ibilbidea eta bere margoen kromatismo eta ikonografia oso erakargarriak dira ezein zinemazalerentzat.

Zaila bazen ere, At Eternity's Gate honek orain artean urratu gabeko ertz batetik begiratu nahi izan die artistari eta haren lanari. Ez da kasualitatea, inondik inora, kameraren atzean dagoena ere artista izatea, horrek ematen baitio berezko izaera filmari.

Pintore baten begietatik, pintore batek zer eta nola ikusten duen da At Eternity's Gate-k egiten duen proposamen konplexua. Biografiaren narrazio zurrunetik aldendu, eta sorkuntzaren inguruko master class moduko bat da Julian Schnabelek egin nahi izan duena: artistaren obsesioak, motibazioak, duda-mudak... horiek guztiak bildu ditu, William Dafoe bikain baten ezinbesteko laguntzaz.

Kontenplaziozko istorioa da; horren ondorioz, zinemagile-artistak akzioz beteriko plano laburren bilduma batean baino pazientzia handiago eskatuko dio ikusleari. Trukean, horiz koloreztatutako barne unibertso baten sarbidea eskainiko dio; betiere, barnean dagoen guztia erakutsi gabe.

Teoria oso eta biribildurik ez, hausnarketarako zertzeladak dira filmak eskaini nahi dituena, eta pop ikono bihurtu izanaren zigorretik libratu nahi izan balu bezala, gertuko artista hauskorra berreskuratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.