'She Recalibrates'
Artista: Aura Satz.Lekua: Gasteizko Artium museoa.Noiz arte: martxoaren 27ra arte.Nola bilakatu irudi soinu den hori? Soinuek ba al dute formarik, irudirik, gorputzik? Nonahi daude soinuak, doinuak eta zaratak; inguratu, zeharkatu eta blaitzen gaituzte, oso-osorik. Izan ere, gu ere soinua gara. Horiek inguruarekin lotzen gaituzte eta harekin komunikatzeko aukera eman. Bada, soinuen bitartez doinuak konposatzen ditugun heinean, mezuak eta sentsazioak sorarazteko aukera ere badugu. Kasu honetan deigarria da antzematea zenbat eta zenbat diren soinuak bereganatu eta mezuak konposatzeko aukerak, makinak, instrumentuak, prozedurak... Eta, era berean, ulertzea soinu, doinu edo zarata konposatu horiek grabatzen direnean, mezu soinudunak biltzen dituzten objektu kristaldu bihurtzen direla.
Kristaltze horien eredu dira Aura Satz eskultore, performer eta zinemagileak egituratzen dituen lanak, ikus-entzunezko euskarriak sortzen dituen heinean, soinuak irudi bihurtzen baititu, nolabaiteko itzulpen bisualak balira bezala. Besteak beste, teknologiek gizakion soinuak luzatu eta birplanteatzeko dituzten gaitasunak azaleratzen dira bere lanetan. Bada, gure eta makinen artean uztartzen diren soinuak musika bihurtzen dituzten artisten lanak ikusarazten ditu Satzek Gasteizeko Artiumen She Recalibrates titulupean aurkeztutako erakusketan.
Mostra Z aretoan dago kokatua, eta, esan bezala, ikus-entzunezkoak biltzen ditu. Alabaina, ez horretara mugatzen, erakusketa espazioaren lehenengo gunean dokumentuak eta Satzek egituratutako irudiak baitaude. Nolabaiteko prestakuntza prozesua izango balitz bezala, bertan aurkeztutako materialek hurrengo espazioan proiektatzen diren hiru filmi uzten diete lekua. Halatan, aurkeztutako filmak Oramics: Atlantis Anew, Little Doorways to Paths Not Yet Taken eta Hacer un diagonal con la musica dira. Zeinetan Satzek musika elektronikoaren aitzindari izandako hiru emakumeren lanak ikustarazten dituen.
Esan bezala, lehenengo espazioarekin talka izan bezain pronto, haren hormetan, oso era orekatu eta simetrikoan, murruei erritmo harmonikoa ematen dieten binilozko diskoak gogorarazten dizkiguten hamarnaka pieza daude zintzilik. Bada, horietara gerturatzen garenera arte, ez gara bertan grabatuta dauden irudiez ohartuko. Eskuak dira, botoiak, kableak, objektuak ukitzen dituzten eskuak.
Alboan, hurrengo espazioan aurkeztuko zaizkigun artisten materialak biltzen dituen bitrina aurkezten zaigu. Haien artxiboen parten diren objektuak, alegia. Partiturak, idatziak, diskoak, testuak... nolabait ere, hurrengo gelaren atmosferan sartzen lagunduko gaituzten baliabideak dira. Baina gortina zeharkatu eta filmak ikusi arte, ez dugu guztiz ulertuko zeintzuk diren partitura, material eta testu horien emaitzak.
Lehenik, mamuen testuinguru arrotza gogorarazten duten uhin soinuak antzematen dira. Baina, ez da ez mamurik, ezta haien atmosfera ere gogoraraziko digun irudirik agertzen. Bertan, marradun zeluloideak agertzen dira, Daphne Oramek sortutako Oramics Machine delakoa zeharkatzen dutenak. Zeluloideetan marraztutako uhinek patroi bat jarraitzen dute. Hasieran irudi dena soinu bihurtzen da; eta, era berean, Satzen filmaren bitartez soinu bihurtzen den hura antzinako irudi bihurtzera pasatzen da berriz ere.
Jarraian, ereduak aldatzen dira, Little Doorways To Paths Not Yet Taken filmari hasiera emanez. Objektuak aurkezten zaizkigu, erloju bat, makinak, kableak... ordenagailu bat ematen du, baina oraingoan Laura Spiegel konpositoreak sortutako teknikak sumatzen dira. 1980ko hamarkadako soinu elektronikoak gogora ekartzen digun konposizioaren pean. Eta, azkenik, pantaila berean, Hacer una diagonal con la musica filma proiektatzen da, zeinetan Beatriz Ferreyra konpositoreak bere teknikak aurkezten dizkigun.
Filmek harrapatzen gaituzte guztiz. Alabaina, bigarren espazio horretan proiektutako filmak bata bestearen atzean aurkeztu izanak —aurreko espazioan egituratutako material eta piezetatik banandurik—, nolabaiteko zurruntasuna ematen dio mostrari. Eta loturak ukaezinak dira. Aurreko espazioan bezala, eskuek objektuak ukitzen dituztelako, eta ukitze horren bidez soinu elektronikoak sortzen dituztelako eskuek.
Hala, soinuak sortzeko ekintzen nolabaiteko testigantzak dira irudiak. Urrunean ikusten ez ditugunak, horien aitzindari izan ziren emakumeen jardueren eran. Bilatzen, ikertzen eta aztertzen ez baditugu, ez zaizkigulako agertuko.