'Siren. Ray Lee'
Non: Azkuna zentroan, Bilbon.Noiz arte: Maiatzaren 30era arte.Soinua, zarata, musika. Erraz bereizi ohi ditugu. Baina horien arteko erlazioak eta diferentziak ez dira, gure kategoria kognitibo eta kulturalak apur bat ezbaian jarriz gero, hain argiak. Hala adierazten digute abangoardia artistiko eta musikalen barnean garatutako ibilbide ezberdinek —hasi Luigi Russolo futuristaren esperimentazioetatik soinu arte garaikideraino, dodekafonismotik eta John Cagen piezetatik pasatuta—, asteotan Bilboko Azkuna zentroan ikusgai den Ray Lee konpositore eta performerraren Siren instalazio soinudunak argi utzi bezala.
Munduko lurralde askotan aurkeztu da Ray Lee artista eta Oxfordeko Unibertsitateko irakasleak gauzatutako instalazioa, Siren, eta bakoitzean espaziora egokitu da —hangar militar batean edo eliza txiki batean desberdina behar du oso azken emaitzak—, esperientzia txundigarria ahalbidetzen duelarik. Musika elektronikoaren eta arte zinetikoaren ildoan mugitzen da Leeren proposamena, baina, etiketa hotsandikoetatik harago, soinu eta argidun eskala monumentaleko instalazio gisa defini daiteke.
Gutxi gorabehera, metro eta erdi eta hiru metro arteko altuera hartzen duten metalezko hemeretzi tripodek osatzen dute eskultura interaktiboa —bisitariak bertaratzean jartzen da martxan—. Horien gainean kokatutako motor elektrikoek beso birakari batzuk mugitzen dituzte, eta mutur bakoitzeko LED argi gorrixken eta sirena baten soinu intentsitatearen, errotazioaren, abiaduraren eta altueraren arabera sortzen da ikuskizun audiobisuala.
Hasiera batean sirena gutxi batzuk hasten dira martxan, eta aretoaren gune diferenteetan kokaturik egonik, argi antzematen da hotsaren jatorria eta mugimendua; gainerako guztiak astiro-astiro eta proportzionalki—gaiten soinua gomutatzen dute neurri batean— hasten dira funtzionamenduan, eta denbora laburrean lehenengo hots autonomoen presentzia eta identifikazio indibiduala diluitu egiten da, ia erabat soinu anabasa mekaniko batean nahasteraino. Bukaeran, indarra galduta, aretoaren aurrean eta atzean gutxi batzuk dira martxan, ostera ere astiro, geratuz, erabat amatatzera arte.
Bisitariaren kokapena eta perspektiba artelanaren izaera eta aberastasuna antzemateko funtsezko faktorea da, entzulearen egoeraren —eta mugimenduaren— arabera soinuaren pertzepzioa aldakorra baita oso. Soinuek elkar jo, talka egiten dute, horien hedaduraren eta ehunduraren kontzientzia izateraino. Era berean, argi gorri dantzariak iluntasunean —azkar, geldo agertu eta desagertuz— mugitzen dira, eta muntatzeak ahalbidetzen dituen sartu-irtenezko pasabideetan barrena, hots eta argiz inguratuta egoten da bat.
Hamabost bat minutuko iraupenarekin, patroi berbera errepikatzen du beti, eta obra itxi baten aurrean egonik ausazkotasunak azken emaitza asko aldatuko lukeen galdetzera garamatza. Hasieran argiztapena motela bada ere, kable eta instalazio elektriko osoa begi bistan dago; minutu batzuk igarota, iluntasuna nagusitzen da, eta ikuskizunaren gorengo unean —beso gehienak martxan eta sirenak bete-betean funtzionamenduan— esperientzia hipnotikoa suertatzen zaio instalazioan barrena murgilduta dagoen bisitariari. Halaber, atmosfera bisualak areagotu egiten du esperientzia estetikoa, argien mugimendu birakariak sorrarazten duen lilura efektu nabarmena zoruaren islak areagotzen baitu.
Hasierako sentsazioa soinu monotono eta uniforme baten aurrean gaudela bada ere, muntatze sinple baten efektua den estruktura polierritmiko konplexuko emaitza lortzen du artista britainiarrak. Soinu eredu errepikakorrak nahastuz doaz: erabateko kaosean edo ordenan—nola antzeman, hala izendatu: soinua, zarata, musika?— bilakatzen dira, eta sirena independenteen polifoniaren baitan oreka harmonikoa sortzen da —soinu eta argien kontrapuntu liluragarriko koru zerutarra (kosmikoa zientzia-fikzioaren seme-alabontzat)—.
Zientzia, filosofia eta artea mundua —errealitatea(k)— irudikatzeko modu desberdin baina osagarriak dira. Hala, batak datu sentigarri eta frogagarrien bidez, bigarrenak arrazoiaren eta teorizazioaren bidez, eta azkenak irudimenaren eta estetikaren bidez—nahiz eta hirurek darabiltzaten, gehiago ala gutxiago, guztiak—, unibertsoaren ikuskera jakin bat ahalbidetzen digute. Alde horretatik, ikusi eta entzun dezakegunaz harago dauden errealitateen izanaz eta horiek ezagutzeko aukeraz —funtsean, soinuak horien isla edo ebidentzia izateko aukerari buruz— galdetzen du Leek; ontologiari eta epistemologiari ekarpen zientifiko eta teorikoa eginez bainoago, soinua eta argia mugimenduan jarrita lortutako esperientzia artegagarri bezain erakargarriarekin, gizakion entzumenezko pertzepzioaren nolakotasunaren inguruan esperientzia estetikoaren esperimentazioarekin itaunduz, irudimenaren eta adimenaren arteko joko aske kantiarrean aktiboki parte hartuz.