Silvia Perez Cruz
Lekua: Viktoria Eugenia antzokia.
Eguna: uztailaren 26a.Jende kopurua: 650 lagun.
Otsailaren 15ean, 1983an, beste zereginetan genbiltzanok ez ginen jabetu haur sortuberri batek bere baitan zekarren altxorraz. 30 urte geroago soineko gorriz estalitako lamia bailitzan Viktoria Eugeniako oholtza gainean sartzen ikusi genuen bart, takoidun zapata pare berdeen gainean luze.
Bizitza osoa agertokian zeraman emakumea zirudien Silvia Perez Cruz abeslariak, eroso ehunka begiren erdigunean, irribarre zabal eta ederrez jantzita. Mikrofonoa eskuan hartu eta furfuria handirik gabe ekin zion ahotsa askatzeari. Barruan daraman misterioa pixkanaka aurkeztu zigun, goxo eta leun; pasioa, haserrea edota mina berehalaxe.
Blancanieves filmean agertu eta Goya batekin saritutako saeta bota zuen lehendabizi eta Galiziako melodia bat hari pega-pega eginda, egun hauetan une latzak bizi izaten ari diren hainbeste familiari eskainia. Musikari zoragarriekin egin du topo abeslariak: Raul Fernandez Refree (gitarra, banjoa, ukelelea, gitarra txikia), Mario Mas (gitarra, lauta espainiarra), Miquel Angel Cordero (kontrabaxua) eta Joan Antoni Pich (txeloa). Haren esanetan, pertsonalena zaion errepertorioa egin du Cruzek eta bidaia honetako adiskideek interpretazio eta moldaketarik ederrenak ipini zituzten bere oinetara, konposaketa bakoitzak behar dituen apaingarriak eta giroak sortzeko beti prest.
Abeslari, gitarrista eta konposatzaile gazteak Peru eta Mexikoko doinuak aukeratu zituen, habanera parea,Lluis Llach ere ekarri zigun atzokoan Donostiara, baita Leonard Cohenek Federico Garcia Lorcaren Pequeño Vals Vienes-i jarri zion musika ere. Txalo zaparradaren ondoren beste bi kanturekin amaitu zen kontzertua. Haurra eta emakumea ezin hobeto islatzen dituen abeslaria da Silvia Perez Cruz, melodiak zein orroak oinazpietatik sabelera, bihotzean geldialdia egin eta ahoraino ekartzen dituen lamia. Zoratzekoa.
Donostiako 48. Jazzaldia. Kritika
Soineko gorridun lamia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu