Steve Coleman & Five Elementseta Louis Cole
Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: uztailaren 23a.
Steve Colemanek (Chicago, AEB, 1956), saxoa jo aurretik, zintzarri txiki bati makiltxo batekin kolpeak emanez, erritmo beroa markatzen hasi du kontzertua. Gero helduko diote saxoari, tronpetari, baxuari, bateriari eta, ahaztu gabe, abesteari.
Kalean zaildutako musikariak dira; kale kantoietan hasi ziren jotzen, eta talde bera mantendu dute azken 41 urteetan. Hori bai, oraingo honetan elementu bat gehitu diote: Kokayi rap kantari eta poeta. Hark emango dio gatza kontzertuari, eta abestiek ertz interesgarrian jarriko dute kontzertua.
M-base mugimenduaren aitzindari dugu Coleman, baina berak ez ditu gustuko etiketak, eta kontzesiorik gabeko musika jotzen du. Ez da bere asmoa edertasuna bilatzea; bizitzak emandakoarekin inprobisatzen du, musika egunerokotasun gordinaren isla izatea du xede. Hala, duoak ez diren duoak egiten dituzte, eta erritmo obsesiboek garamatzate hiri handi bateko auzo baztertu batera, karrika ilun eta arriskuz betetakoetara. Tentsioa lehertzen ez bada ere, hor dago beti espaloiko amildegitik erortzeko arriskua. Hala margotzen ditu nota latzak; umorea ez da falta, baina erne ibili: musikari bat edo beste galdu dela dirudi, komunikazioa ez dela erabatekoa, baina dena aurrera doa, bizitza ere horrelakoa da! Colemanek gidatzen du kontzertua. Saxoa jotzerakoan, zehatza da. Nota bat errepikatu dezake denbora luzean, baina sentimenduak, irudien panoramikak aldatu egiten dira geldoa dirudien ideia horren barrenean. Colemanek musika interesgarria eta misteriotsua egiten du.
Coleman & Five Elementsen ondoren, Louis Cole gaztearen kontzertua izan dugu (Los Angeles, AEB, 1983). Cole eta bere taldea aurrekoaren soiltasuna lehertzera datozela dirudi. Oso era kitsch batean agertu dira musikariak taula gainean: bi neska abeslari eta baxu jotzailea kirol galtza motz arrosa batzuekin, eta denak betaurreko ilun handien atzean. Kontzertu dinamiko eta apurtzailea emateko asmoz datoz.
Koreografiak gatzik gabekoak dira, mekanikoak. Colek oraintxe bateria jotzen du, oraintxe sintetizadoreak, edo abestu, ahots mehe eta lizun batekin. Taldekoek estilo berean jarraitzen dute; baxu jotzaileak, baterian eserita, baxua eta bateria jotzen ditu batera. 1980ko hamarkadan ezagutu genuen disco musikaren oinarria dutela dirudi, baina ez da erabat disco musika, aberaskume gazte batzuen dibertimendu esperimental eta antzua baizik. Ikusle batzuk poliki-poliki plazatik atera dira, baina beste batzuk hor daude txaloka, konektatuta, gustura, dantzan hasteko desiatzen.