KRITIKA. Performancea

Sisifo garaikidea

Agus Perez.
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun

'Zehar'

Konpainia: Ertza. Koreografia: Asier Zabaleta. Musika: Iñar Sastre. Testuak: Asier Zabaleta. Argiak: Junky Mayo. Jantziak: Asier Zabaleta, Klara Artola. Eszenografia: Pello Artola. Bideo-edizioa: David Bernues. Interpreteak: Asier Zabaleta, Iñar Sastre. Lekua: Markina-Xemeingo pilotalekua. Eguna: Urriak 17.

Oihal zuriz egindako Z handi batek eta neurri bereko A batek bete dute eremu eszenikoaren atzealdea, gizakiaren alfa eta omegaren alderantzizko interpretazioan agian. Eszenako albo batean musikariaren teklatuak eta bateria kokatu dira, eta Iñar Sastre zuriz jantzita —sonbreirua ere bai— baina jaka beltzarekin agertu da, eta bere esku miresgarriekin eta piano nota delikatuekin ekin dio nolabaiteko misterio giroa sortzeari.

Puntu horretan irten da A letratik Asier Zabaleta, bere gorputzaren metamorfosi betean, zegozkionak baino askoz beso eta hanka gehiagorekin, eta trantze horretan zegoela igaro da Sastreren musika Erik Satie iradokitzetik Keith Jarrett handitik hurbil egotera.

Soberako gorputz atalez erauzita, bere gizon helduaren edertasun betea erakutsi digu dantzariak, praka labur-laburrak baino ez jantzita, eta halako batean hasi da bere barruko ahotsarekin hizketan. Hizketaldi horretan, Sastrek hartu du mikrofonotik dantzaria interpelatzeko ardura, eta emanaldian zehar izandako solasaldi mamitsu horiek —artista biek euskara ederrean ahoskatuak, bide batez esanda— izan dira proposamenari benetako sakontasuna eman diotenak.

Aurreko lan batzuetan ere hartu du Zabaletak bere kezka sozial eta pertsonalak dantzaren bidez azaltzeko hautua, dela bakarlari lez —NAN, esate baterako, Sastrerekin ere egina—, dela beste dantzari batzuekin —Act of God eta beste batzuk—, baina nik esango nuke kasu honetan introspekzio ariketa sakona egin duela, eta ikusleen aurrean azaldutako gaiak zintzotasun osoaren fruitu izan direla. Horregatik etiketatuko nuke nik performance bezala proposamen hau.

Horregatik, hau da, zintzotasun pertsonaletik sano edateagatik, eta elementu eszenikoen erabileragatik, zelan ez. Izan ere, azken eremu horretan trebezia handia erakutsi du aspalditik Zabaletak, eta kasu honetan ere era esanguratsuan egin dute bat musikak, testuek, dantza pasarteek, jantziek eta attrezzo elementuek, den-denak neurrian erabili eta helburu artistiko baten zerbitzura jarri direlako.

Amaitzeko, emanaldiaren pasarte bi ekarriko ditugu hona: Mikel Laboaren Lekeitioak-en bertsio eraldatu bikaina, eta dantzariak ibiliz baina lekutik mugitu barik irudikatu duen ibilbide pertsonal neketsua. Azken horretan hitzen edertasunak bat egin du gorputz nekatuaren nahi eta ezinaren irudiaren indarrarekin, eta hura ikustean Sisifo garaikide bat etorri zaigu gogora ezinbestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.