Kritika. Musika

Sinfonismoaren arao eta biraoak

Marta Garcia
2024ko urriaren 4a
05:10
Entzun

EUSKADIKO ORKESTRA

Zuzendaria: Robert Treviño.

 Egitaraua: Pascual Aldaberen Akelarre. Bigarren euskal rapsodia'Urtubiko Dama' eta Gustav Mahlerren 9. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriaren 2a.

Denboraldi berriari hasiera eman berri dio Euskadiko Orkestrak, ondorengo hilabeteetan izango diren hamaika kontzertuetarako «kontrastea eta araoa» ildo tematiko bihurtuz, eta, horrekin batera, aurpegi eta begirada ezkutatuen jolasean garaile ateratzen den lerro bisual fin eta landua ere eskainiz.

Lehen programa honen hasierak bete-betean asmatzen du arao-giroa sortzen: izan ere, Pascual Aldaberen Akelarre balletaren Bigarren euskal rapsodia-k Pio Barojak idatzitako Urtubiko dama obraren azken zatia hartzen du hizpide, sorginen bilkura eta dantza deskribatzen dituena. Kontzertuan, arrazoi logistikoak medio, lehen eta seigarren mugimenduak entzun ziren soilik. Aldaberen musika oraindik ez oso ezagunaren lagin txikia izanik ere, orkestrazioan eragin frantsesak hautematen dira, Parisen bizi zen bi hamarkaden ondorio, baita Hilarion Eslava eta Fernando Remacha maisu nafarren zantzuak ere. Eta ageri da, noski, Barojak irudikatutako akelarre bizia: «Ikuskizun aparta zen, senaren, askatasunaren, maitasunaren festa... Biziaren ukazioaren aurkako errebeldia zen, Eliza boteretsu eta tiranikoak ordezkatua; oihanen, erreken, iturrien protesta iluna zen, basamortuetan asmatutako mito ospel eta lehorren aurkakoa».

Bigarren zatiak Gustav Mahlerren azken sinfonia osoa ekarri zuen, bere bihotzeko gaixotasunak ekarriko zion heriotza ziurraren kontzientziaz idatzia. Horrekin, Robert Treviñok azken urteotan egin duen plan handian —Mahlerren ziklo sinfoniko osoa interpretatzea— pauso berri bat eman du. Berriro ere, esan behar dut, keinu zorrotz eta dotoreaz, baina, aldi berean, orkestrako sekzioen artean deskonexio handia sortuz. Ondorioz, tinbreak lausotu ziren eta Mahlerren beste obren aipuak lurperatu. Dantza burleskoan une distiratsuak izan ziren, baita Adagio-aren hasieran ere, bigarren biolinak, biolak eta biolontxeloak bat eginez. Treviñoren kontrol ezak eta besaulkietako errespetu faltek —sakelako telefonoak eta eztulak medio—, tamalez, amaiera ia amaigabe bezain ederra zapuztu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.