'The Voice of the Valley'
Artista: Erlea Maneros Zabala.Non: Artium museoan.Noiz arte: Irailaren 18ra arte.Irudiek euren istorioak igortzen dizkigute, begirada gainean jarri eta aztertzen ditugun heinean. Alabaina, irudiak, sakonki aztertzen ditugunean, deskonposatu egiten dira, partekatzen dira, alegia, zatikatzen dira, bestelako irudiei, objektuei lekua utziz. Figurazio edo istorio bat zen hura elementu abstraktu bihurtzen da. Berregin egiten da irudia, hondoko istorioa atzean utzirik, eta, hala, ateak irekitzen dizkio ikusten dugun irudi berri horri. Eta, ate berri horiek zeharkatzen ditugunean, istorio zaharrak ez dira desagertzen; aitzitik, hor daude, baina bestelako lekuetatik, perspektibetatik edota begiradetatik aztertzeko aukerak helarazten dizkigute.
Tirabira eta estutze horretan kulunkatzen dira Erlea Manerosek Artiumen aurkeztu duen erakusketako artelanak, The Voice of the Valley titulupean. Abstrakzioa, figurazioa, iragan hurbila... memoria zahar eta berrien arteko tentsioak. Irudien eraikuntza zein erreprodukzio tekniken inguruko hausnarketak biltzen baititu bere lanak, askotariko euskarrien bitartez. Pintura, ikus entzunezkoa, argazkilaritza, instalazioak edota beste artistek egituratutako lanak darabiltza, eta haien bidez egiten ditu interbentzioak espazioetan. Ildo horiek lantzen ditu The Voice of the Valley erakusketak ere, artistak azkenengo bost urteetan garatutako bost produkzio bilduz.
Erakusketa espazioan barneratu baino lehen ohartzen gara han bertan eman den eraldatze espazialaz. Aurreko hilabeteetan erakusketa espazio bakarra zena, birmoldatu egin baitute, eta freskotasun puntu argia eskaintzen dio horrek erakusketa berriari.
Halatan, mostra bi espaziotan banatzen dela sumatuko dugu. Argazki seriea biltzen duen nolabaiteko korridore bihurtzen da erakusketaren lehenengo espazioa; Ainara Elgoibarren erakusketaranzko bidean baitago. Eta bi erakusketak ehuntzen dituen nolabaiteko trantsizio gunea sortzen du horrek.
Manerosen marrazki seriea ikusiko dugu trantsizio gune horretan: beltza, zurruna, estatikoa, eta, aldi berean, malgua eta testuraz josia. Irudi horietan, gainjartzen doaz gainazalak, eta koadrikulek zeharkatzen dituzte guztien loturak. Baina, horrekin hautsiz, azkeneko geruzen pintura ziztada azkar eta malguek konposizioaren irmotasuna lausotzen dute. Halatan, tentsio guneak seriea konposatzen duen pintura bakoitzean errepikatzen dira, behin eta berriz, eta erritmoak sortzen dituzte murru zuri zurrunean.
Harekin kontrastean dugu hurrengo espazioa, zeinak ikus-entzunezkoa bestelako instalazio handiekin uztartzeko aukera ematen duen. Hondoko paretan dagoen Excercises on Abstraction IV Series pintura seriea da bigarren espazio horren buru, bertan hedatzen diren beste instalazioen disposizioaren ardatz bihurtzen baita. Izan ere, piezak kokatuta dauden moduan, lehen kolpean harrapatzen baitu ikuslearen begirada.
Alde batean, Prompt Book instalazioa dago, eta bestean dugu erakusketari izena ematen dion ikus-entzunezkoa. Bada, elkarrizketa interesgarriak sortzen dira bi piezen artean, batak frankismo garaiko iruditeria artistikoei erreferentzia zuzena egiten dien bitartean, besteak artistaren lan prozesuak garaiko mezu kontserbadore eta liberalekin uztartzen dituelako. Piezen arteko nolabaiteko sinergiak eta ehuntzeak gauzatzen dira horrela.
Halaber, sinergiak ez dira bi pieza horietan zentratzen, espazioetan aurrera egin ahala eta piezak aztertzen ditugun heinean, hedatzen baitoaz elkarguneak. Bere arnasgunea eta espazioa du lan bakoitzak, betiere, eta, ondorioz, pieza bakoitzak bere zentzu propioa mantentzeko aukerak ditu. Bada, ildoak estutu, uzkurtu eta lausotzen dira: figurazioa edo abstrakzioa, iragana edo oraina, irmotasuna edo malgutasuna...