KRITIKA. Artea

Senda, senda...

Donostiako Tabakalera gunean ikus daitekeen erakusketako pieza bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Cale, cale, cale, caale!!!'

Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: 2018ko otsailaren 4ra arte.

 

Senda, senda, menda, menda, katua jun da, miña jun da». Txikitan hitz magikoak ziren horiek. Azala pixka bat igurtzi, errezitaldia bota goxo-goxo, eta minak desagertzen ziren! Urteak joan ahala ordea, hitzek magiazko boterea galdu zuten, eta ez zuten min gehiagorik kentzen. Bueno, agian ez zen hitzen izaera aldatu, agian gu aldatu gara urteen poderioz. Gizarteak arrazionalak izan behar dugula irakatsi digu behin eta berriz, behin eta berriz, eta gizaki heldu eta arduratsu izateko bide bakarra hori dela esan: sinismenak, magiak, errituak eta erritualak alde batera utzi, eta horren ordez arrazoiari, zientziari lekua uzteko.

Tabakaleran aurkezten den Cale, cale, cale, caale!!! erakusketak, ordea, zalantzan jartzen ditu bi eremuen oposizio eta arrazionalismoaren gailentzea. Zergatik dugu egia zientifiko horren beharra gauzak ulertzeko, eta egoerei aurre egin eta soluzioak proposatzeko? Zergatik da hori zentzuz hauta dezakegun bide bakarra? Besteak ez dira egokiak? Eta hala bada, zergatik ez dira egokiak? Maiz, ez gara honetaz arduratzen eta ez diogu behar adina arreta ere jartzen. Hala da, eta listo. Baina ez gara ohartzen beste gizarte eraikuntza bat besterik ez dela hau. Ilustrazio garaian (pentsa, ia duela hiru mendeko gauzez ari gara) gailendu zen pentsamoldea da oraindik ere darabilguna eta oraindik ere hobesten duguna. Hala ere, zerbait hobesten bada, horrek argitara ateratzen duena zera da, beste eredu batzuk ere badirela tartean. Eta hori ukaezina da. Izaera sendagarria duten hitz magikoetatik aparte badirelako oraindik ere, geure izaera eta tradizioen zati direla-eta, errepikatzen dihardugun mila erritu ere: eguzkiloreak atean ipintzea izpiritu txarrak uxatzeko, San Joan sutara gauza txarrak idatzi eta botatzearena, urteko lehenengo egunean mendira igotzearena, edo eta zorte ona izateko kandela piztearena. Guztiak sinismenak; eta, beraz, kasu handirik ere ez egitekoak. Ohiturak bakarrik dira. Inork ba al du zalantzarik horretaz?

Eta zalantzan jartzen baditugu, zer? Alegia, zer gerta liteke zientzia eta arrazoia bigarren maila horretara pasatuko bagenitu, eta, aldiz, sinismenak, intuizioa, sentimenduak, sentsazioak, errituak eta magia geure gizartearen ardatz bilakatuko bagenitu? Nolako gizartea litzateke gurea? Benetan erabaki guztiak arrazoiketa baten ondorio izandako erantzunen menpekoak izan behar dute? Zergatik ez, sinpleki, zoriaren menpe utzi? Zergatik ez sinpleki sinistu, Osias Yanov artistaren Telelkinesis bideoan ikusten den koilara benetan airean zintzilik dagoela eskuekin egindako mugimendu eta ohikunek eraginda? Ez egin barrerik nire proposamenari, eta ez utzi alde batera galdera, erantzuna alboratuz. Sinets dezagun horretan, eta erakusketan barrena ikus dezagun zer aukera askotariko eta berri sor ditzakeen horrek gure ezagutzan. Binomioa magia eta arrazoia oposizio gisara ulertu beharrean, zergatik ez osagarri gisara ulertu? Utz dezagun arrazoia alde batera, eta egin diezaiogun lekua intuizioari, espero ez dugun horri eta ezezagun zaigunari.

Ikusi, irakurri eta hausnartu. Batzuetan ez dago erantzunik, eta erantzunik eza ere onartu beharra dago, beste inolako esplikaziorik bilatu beharrik gabe. Oier Iruretagoienak bere lanean jasotzen duen moduan, gauza guztiz berdintsuak topatzen eta jazotzen dira maiz guztiz aparteko herrialde, zibilizazio eta denbora-espazioetan, eta misterio dira guretzat. Non dago, ordea, horren arazoa? Tamar Guimaraes eta Kaster Akhojek egin duten azken pelikulan agertzen diren medium eta petrikiloek bizi eta sentitzen dutena nork jakin egia den? Baina nork jakin lezake, ehuneko ehunean, gezurra denik ere? Nire herrian bada petrikilo bat anginetako mina sendatzen duena. Ezaguna da gure gizartean Equipo Jeleton-ek Florilegio proiektuaren bidez azaleratu duen landareen botere, ahalmen eta sinbologiaren garrantzia. Eta ukenduak sortzeko ohitura eta haien eraginkortasuna izan daitezke jakintza horren adibiderik sinpleena; zerbait frogatua. Zergatik egiten zaigu, ordea, hain nekeza ezagutza hauek balizko gisa onartzea?

Juan Canela komisarioaren eskutik galdera interesgarria da erakusketak planteatzen duena. Bada garaia gure ezagutzak eta hauen eraikuntzaren nolakotasun, jatorri eta hierarkizazioa zalantzan ipintzekoa, eta zalantza horietatik erator daitezkeen arrakalen artetik erantzun berriak topatzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.