Liburu hau Jacques Prevertek 1946an Paroles liburuan argitaratutako poemetako batekin osatu da —tamalez oraindik euskaraz ez dugun liburua; argitaratzaile eta itzultzaileak: ez al zarete konturatzen munduan izan den poesia best-seller bakanetakoa dela?!—, irudimena eta sormena gaitzat hartuta, ipuintxo bat proposatzen duena, Prevertek zituen dohainen erakusgarri.
Era berean, liburu hau mutua izan zitekeen album ilustratu bat ere bada, inongo nekerik gabe, irudien bidez istorio bat kontatzen diguna, nahiz eta, jakina, langintza honetan ilustratzailea itzultzailea bezala aritu den, eta fideltasuna ahal duen neurrian mantendu duen. Esaterako, protagonista mutiko bat dela erabaki duenean (testuak irakurlea jartzen du kontakizunaren protagonista rolean, zeharka bada ere), eta gauza bera esan liteke irudimenari lapurtutako gainerako guztiarekin.
Beraz, baditugu aldibereko bi adierazpide artistiko, bakoitzak bere baliabideen araberako hunkipena eskaintzen digutenak.
Agian gustatu egingo zaizu, eta inoiz zeure buruari ukatu diozun sen poetikoa eduki baduzula deskubrituko duzu...
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Txori baten potreta egiteko'
Sen poetikoa ote duzu?
Idazlea: Jacques Prevert. Ilustratzailea: Mordicai Gerstein. Itzultzailea: Jose Angel Irigarai. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu