KRITIKA. Opera

'Semiramide' distiratsua

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun

'Semiramide'

Musika Zuzendaria: Alessandro Vitiello. Eszena zuzendaria: Luca Ronconi-Marina Bianchi. Non: Euskalduna jauregian. Noiz: Otsailaren 19an.

Zailtasunen gainetik, OLBEk arrakastaz aurkeztu zuen Bilbon Rossiniren azken opera serio, konplexu eta luze-luzea —jatorrian lau ordukoa—, Napoliko San Carlo antzokiaren ekoizpena. Izan ere, Semiramide melodrama tragikoa da, Voltaire-ren izen bereko tragedian eta Asiriako erregina mitikoan inspiratutakoa. Operaren kasuan, libreto apal eta motzean oinarritua, hain zuzen. Bada, abesteko mailan, tragediari bidea gauzatzeko, konpositoreak estilo rococo-berantiarra landu zuen koloraturak paroxismora eramanez.

Gure kasuan, hirukote bakarlaria iaioa da bel cantoaren arloan, eta eder ekin zion partitura konplexuari. Horra hor, azken unean fitxatu zuten Silvia Dalla Benetta sopranoa ondo baino hobeto aritu zen erregina menperatzailearen rolean (nola botere politikoan hala sexualean), bai antzezpenean, bai kantuan: igorpen afinatua, gurguiluen eta dinamika desberdinen kontrol zehatza... Horren adibide argia Bel raggio lusingher aria izan zen. Agian, nota altuak juxtu antzeman genituen, baina gutxitan. Ahozko apainduretan oso trebe entzun genuen.

Daniella Barcellona mezzoa Arsace gizonaren rolean aritu zen. Nahiz eta hasieran —gutxitan— haren vibratoa beheranzko muga arriskutsuan ibili, haren kantaldia ziurra eta sinesgarria izan zen, esaterako, Ah, quel giorno ognor rammento arian. Fiorituretan, ahozkotasunean, noten abiaduran, fraseoetan... denetan maila handia erakutsi zuen. Asko gustatu zitzaigun Simon Orfila baxu-baritonoa ere, Assur gaiztoaren rolean: ia une guztietan bularreko ahots indartsuarekin, entregatua, ondo menperatuz eszena desberdinak. Beste horrenbeste baina erantzukizun txikiagoarekin, Jose Luis Sola tenorrak kantaldi fina bete zuen Idreno amorante arbuiatuaren rolean; lerro kantuan,fraseoan eta altuetan argia. Antzeko argitasuna erakutsi zuen Itziar de Undak Azemaren rol laburragoan. Richard Wiegold baxuari, Oroeren rolean, kantaldi zuzena egin arren, nekaldia sumatu genion tinbrearen printza politen artean.

Beste aldetik, orkestran, Alessandro Vitiello maisuak oso ondo zuzendu zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Rossinik garai hartan egin zuen operaren antologiaren unibertsoa azalduz. Ez bakarrik bel cantoarena, baizik eta orkestraren aberastasun musikalarena: tinbreetan, etengabeko modulazioetan, errezitatiboei lagunduz, testuari jarraituz musikaren effeti-ekin. Eta musikariek Obertura luzetik aurrera erakutsi zuten haien maisutasuna.Bilboko Opera Abesbatzako kantariek ere —oraingoan zulo barruan eta estu—, Grezia klasikoko koru moduan polito abestu zuten, tragediaren barruan solasaldiak eginez.

Aparteko iruzkina merezi du Luca Ronconiren eszena zuzendaritza lana, hemen Marina Bianchik landu duena. Aprobetxatu du testua musika Rossiniri utziz-, zatitzear dagoen mundu aristokratiko eta krudela islatzeko. Horretarako, umeen jolaserako zegoen txotxongiloen antzokitxoa erabili du. Baina hor ez zegoen demiurgoaren kontrola hariak maneiatzeko.Pertsonaia nagusiek, nobleek hain juxtu, tramankulu mugikorretan sartu-irteerak egin zituzten, kartoizko irudi estatikoak balira bezala, alboetatik batez ere, apenas ibili gabe. Agertokiko horma grisak pitzatuta zeuden, sistema erortzearen seinale. Egoera horretan, herria ez da ezer, ez da inor; ia biluzik bizi da inframunduan, zolatik gorputz erdiak bakarrik azalduz , handikien utzikeriaren artean. Zalantzarik gabe, egungo metafora, beharbada Italiako maisu zenak utzi diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.