KRITIKA. Musika

Schuberten 'lieder' biziak

2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun

Carmen Artaza

Pianoa: Hilko Dumno.Egitaraua: Franz Schuberten lied aukeraketa. Lekua: Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoa, Donostia. Eguna: Martxoak 28.

Franz Schuberten musikaren inguruan antolatutako denboraldian, Donostia Musika elkarteak Carmen Artaza mezzosoprano donostiarra gonbidatu du konpositore austriarraren ahots-musikan sakontzeko. Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan aurkeztutako programak heriotza eta maitasuna izan zituen hizpide. Lied aukeraketa aberatsa eta bizia aurkeztu zuten, inguruan maiz entzuten ez dena —are gutxiago Artazak eta Hilko Dumno pianistak erakutsi zituzten sentsibilitate eta abileziarekin—.

Lehen blokea Johann Seidl poeta eta arkeologo austriarraren letrak baliatzen dituzten abestiek osatu zuten, op. 80 osatzen dutenak. Freskotasunez, Artaza eta Dumnoren arteko elkar-ulertzea hasieratik izan zen agerikoa, esaterako, Das Zügenglöcklein (Biderako kanpaia) obran nagusi den jolasean. Bigarren blokeak heriotzaren gaia ekarri zuen taula gainera, hain zuzen ere, XIX. mendeko sentimendu estetikoak sarritan jorratu zuena. Hirugarrenak, berriz, maitasun atsekabetuaren irudiak eskaini zituen. Laugarren blokea Wolfgang von Goetheren olerkietan oinarritutako lied sorta ederra izan zen. Schuberten abestien arrakasta ikusita, deigarria da poetak haren musika behin eta berriro gaitzetsi izana.

Denera, errezitala askotariko pertsonaia poetikoen ahotsen bidez erromantizismoaren intentsitatean murgiltzeko abagune bikaina izan zen Club aretoa bete zuen publikoarentzat. Artazak erregistro osoan landu zituen oreka, malgutasuna eta ahoskera apartekoek lied oro adierazkortasun sakonaz ebaztea ahalbidetzen diote, eta, horrekin batera, hitzekin bat datorren giro musikala garatzen du. Gutxi batzuk aipatzearren, Auflösung (Desegitea), Der Jüngling auf dem Hügel (Mutil gaztea muinoan) zein Der Zwerg (Gnomoa) dinamika zabalak, tinbre distiratsua eta kolore biziak biltzeko gaitasunaren eredu izan ziren, betiere Dumnoren akonpainamendu aparta lagun.

Horiek guztiak gorenera iritsi ziren Erlkönig (Elfoen erregea) ezagunean, Artazaren ahotsak kaleidoskopio tragikoaren gailur zirraragarri bihurtu zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.