Idazleak: Arrate Egaña eta Mikel Zubeldia. Argitaletxea: Alberdania.
Aurtengo Donostia Hiria Kutxa Sariak eskuratu dituzten bi idazleen lanak argitaratu berri ditu Alberdaniak. Lehiaketetako lan irabazleen edizioek liburutegietako apalategietan ahaztuak izateko joera dute, eta, alde horretatik, pozgarri zaigu liburuon eskuragarritasuna. Mikel Zubeldia (Donostia, 1972) Marlboro gizona izeneko lanarekinizan da saritua ipuinaren atalean. Liburukian, alabaina, beste bi ipuin paratu dizkiote alboan, Udal zoologikoa eta Salomon Weingarren, Zumaiako Julene Azpeitia lehiaketan sarituak biak ala biak; 2006an eta 2010ean, hurrenez hurren. Marlboro gizona ipuinean Dora Maggo artista lesbiana aurkezten zaigu, margolan baten aurrean. Erretratuen bidez, barne sentimenduak iradoki nahi ditu, eta gizon biluzien serie bat margotzen ari da, Zer ote dute gizonezkoek zintzilik titulupean, behin berrogeita hamarrak igarota, gizonen nolakoaz eta nortasunaz galdean. Narratzaile orojakiledun ipuina erritmo barekoa da, eta amaiera kolpe batekin amaitzen da, sekretuen errebelazio eta guzti, ezustea eta egonezina sortuz. Gozatua hartu dut ipuinarekin. Nago deskribapen bereziki neurtuez asko irabazten duela, horiek esaldi laburrekin konbinatuz. Maskulinitate hegemonikoaren alderdi matxoa adierazten duen modeloa aurkituko du ezustean Dorak (gogorra, egozentrikoa, krudela, zakarra, homofoboa). Lesbiana baten aurrean paratu, eta mundu ikuskera kontrastea lortzen du, nahiz amaiera ez oso itxaropentsua eman. Udal zoologikoa lana ere gustatu zait. Beste behin, bi ezezagunek topo egiten dute Ochreland itsasbazterreko hiri handian; narratzailea bi pertsonaien jabe denez, batak besteaz duen pertzepzio desitxuratuarekin bakardadearen gaineko estanpa osatzen du. Hirugarren ipuinak ez nau ase, baina liburua gomendatzen dut. Hirutik bi ipuin on, ez da gutxi.
Arrate Egaña (Errenteria 1963) idazle oparoa, sariak jasotzeari dagokionez, zorteko dabil. Giltza lanarekin 2011ko Lizardi Saria irabazi, eta, jarraian, Donostia Hiria etxeratu. Gainera, publikatu berri du Paradisua (Elkar, 2012)ipuin bilduma. Behin baino gehiagotan argi utzi du ez dela haur eta gazte literaturara mugatzen den idazlea. Ezaguna da Egaña alor horretan (Printzesa puzkertia mugarri izan zen 1999an), baina esandakoa frogatzen du Egia antzerki obra honek. Hiru ekitaldiko antzezpena da, sei pertsonaiarekin. Horietatik bost 30 eta 50 urte bitarteko emakumeak dira: Lurdes erlijio irakaslea, Mirelur Turismo bulegoko langilea, Mila kazetaria, Adela politikaria, Elsa terapeuta eta Joxan enpresaria. Eszena aldetik sinesgarria da, baita oholtzara eramateko modukoa ere, zailtasun gehiegirik gabe. Urtebetetze mozorro festa batera gonbidatuak izan dira pertsonaiak. Denek ezaugarri komun bat dute, Elsa terapeutaren bezero izan zirela. Orain, Egia izeneko elkarte baten partaide egin da Elsa, eta egia praktikatzen du, eta beti dabil egia esanez, berea eta besterena. Bezeroen egiak blog batean idazten hasi da, eta gonbidatuek nola edo hala beraienak agertzea ekidin nahiko dute. Tramak bide ematen dio Egañari hainbat gai iradokitzeko. Norbere egiak terapiara eraman beharraren drama adierazten du, batetik, pentsaraziz entzuteko zer behar den jendartean, ingurukoengan konfiantzarik ez bada. Bestetik, faltsukerian oinarritutako irudi publikoa ematen dugula erakusten du, beti besteen iritzien mendeko. Erruaren kudeaketa, tradizio kristauari lotua, ondare dugu artean. Galdera bat bada sakonean. Gure sekretuak aireratzeko zorian balira, zer egiteko gai ginateke? Mozorro festak irudikatzen du gure pertsona disfraza dela, eta maskara, gure nortasuna. Gutxienez hiru egia badirela zioen errefrau afrikar batek. Norberarena, bestearena eta egia. Zer da, hortaz, egia? Lan labur entretenigarria atondu du Egañak.
Literatura. 'EGIA' ETA 'MARLBORO GIZONA'
Sarien uztak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu