KRITIKA. Artea

Ruiz Balerdi, 25 urte geroago

2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun

'Balerdi (1934-1992)'

Tokia: Kubo-Kutxa aretoa, Donostia. Noiz arte: Irailaren 24ra arte.

Rafael Ruiz Balerdi zendu zenetik 25 urte igaro dira jada, eta, urteurrenaren harira, artista donostiarraren ibilbidea jorratzen duen erakusketa bat antolatzea erabaki du Donostiako Kubo-Kutxa aretoak, bertako udako erakusketa izango dena. Bilboko Arte Ederren museoko zuzendari izandako Javier Viar Ollokik komisariatuta, Balerdiren 98 artelan aurkezten ditu olio pintura, marrazki, tinta, akuarela, argizari edo kleraren teknikak biltzen dituen erakusketa aberatsak.

Erakusketa osatzen duten artelanak inguruko hainbat bildumatatik eskuratu dira, besteak beste, Kutxa Fundazioa, Artium, BBK, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Laboral Kutxa eta Nafarroako Unibertsitateko Museoa. Viarrek egindako aukeraketa ibilbide kronologiko batean antolatzea erabaki du, eta, sarrerako espazioan erakusten diren paper gaineko lan txikien multzo aberats batetik hasita, artistaren lanaren ibilbidea zazpi ataletan banatzen da areto nagusiaren espazioan: Geometriatik abstrakzio lirikora, 50. hamarkada; Lehen informalismoa, 1960-1966; Deribazioak, 1967-1972; Kristalizatutako formak, 1972-74; Klerak; Olio-pinturarako itzulera, 1985-1986; eta Azken olio-pinturak, 1987-1992.

Lehen aretoko lanek, kronologikoki lehen pausoen modura aurkezten direnek, interes berezi bat dute, ikusle orokor batentzat guztiz ezezaguna den Balerdi baten lana aurkezten baitute. Aretoko sarrera artistak erabiltzen zituen bi pintura paletekin zabaltzen da, kolore hotz eta beroena, eta horien gainean artistak sortutako lan bitxienetako bat dago: Tarzani omenaldia I filma. Behin barruan, Balerdik formatu txikiko paper gainean sortutako lan multzo bat ikus daiteke, hainbat hamarkadatako lanak biltzen dituena, hasierako figurazioetatik bere ibilbideko azken abstrakzioetaraino. Benetan aipagarriak paper gaineko boligrafoaren bitartez sortutako Cabeza, Figura en claroscuro eta 1979-80 bitarte sortutako Paisaje de China lanak.

Lehen aretoa atzean utzita eta areto nagusian barneratuta, lehen atalak 50eko hamarkadan kokatzen diren geometria ilun ezezagunak erakusten ditu. Balerdiren azken lan ezagunagoak ikusita, lau hamarkadako ibilbidean izan zuen bilakaeraren garrantziaz ohartzen gara. 1955. eta 1956. urte artean sortutako Sillas II eta Geometrico oscuro I lanek konstruktibismoaren eta Paul Kleeren obraren eragina erakusten dute; geometria errazekin eta tonu ilunen bitartez, artistak formak eta konposizioak lantzeko erabili zuen bidea eraikiz doa.

Lan geometriko horietatik, espresioak eta keinuak indarra hartzen duen pintura baterantz egin zuen artistak, 60ko hamarkadaren lehen erdialdean landutako informalismoaren garaira. Urte gutxiren barruan ematen den bilakaera oso aipagarria da; artistaren ikerketaren eta bilaketaren adibide da. Informalismoaren barruan kokatzen diren formek eta keinu askeek 60ko hamarkada amaierako eta 70eko hamarkada hasierako Deribazioen garaira daramate bisitaria, non Balerdik, aurreko proposamenetako pinturaren arintasuna eta askatasuna alde batera utzi, eta forma eta figura trinko eta definituagoetarantz egin zuen; 1969ko Caverna de color horren adibide garbia da.

Deribazioen ataletik kristalizatutako formen atalera egiten du erakusketak. Formen trinkotasuna, konposizioa eta koloreen indarra gailenduz doaz, eta Balerdiren obra nagusiarekin identifikagarriagoak diren ezaugarriak azaleratuz. Horrek guztiak kleren garaian betetzen du pauso garrantzitsuena; 1977. eta 1985. urteen artean klera eta argizarien bidez eginiko lan multzo zoragarriarekin, artistak urteetan bilatu zuen hori aurkitzea lortu zuela dirudi, konposizioak, koloreak eta keinuak erakusten duten segurtasunari erreparatuta.

Segurtasun hori olio pinturarako itzulera agertzen duten azken bi ataletan plazaratzen da. Lan prozesua heldutasun formalera iritsi dela erakusten duen lasaitasun baten bidez, benetako maisulanak aurkezten dira, gure inguruan hain ezagunak diren 80ko hamarkadaren bigarren erdialdeko konposizioak, tartean.

Erakusketa banatzen duten garai eta lan prozesuen denboraldiak oso laburrak dira kasu askotan, laburregiak agian, sormen ibilbide baten barruan; banaketa horrek zorrotzegia dirudi, lehen begirada batean behintzat. Hala ere, zorroztasun horrek artistaren ibilbidea finkatu eta ulertzeko ereduak zehatz azaltzen ditu, eta ikuslearentzat interesgarria bezain aproposa den ibilbide bat aurkezten du. Dudarik gabe, euskal artearen barruan XX. mendeko artista garrantzitsuenetako baten ibilbidea ezagutzeko aukera ezin hobea da erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.