KRITIKA. Artea

Rosaren kaxak

Rosa Valverde 1970eko hamarkadaren amaieran hasi zen arte kaxak egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun

'Arte kaxak'

Artista: Rosa Valverde. Non: Donostiako San Telmo museoan. Noiz arte: martxoaren 13ra arte.

Kristalezko belarritakoak zeruaren malko bilakatu dira, eta kakorratzez egindako tapete zuria, berriz, zeru urdineko ilargi; kanika gardena emakumezko baten begietatik erortzen den malko lodia da, eta kanika horia, berriz, zeru ilun zabaleko ilargi argi. Poesia edo literatura poetikoan maiz topatzen ditugun konparaketa eta metonimiek osatzen dituzten mundu fantastiko eta liluragarriek gutxitan hartzen dute itxura fisikoa. Rosa Valverderen kutxak, ordea, hutsarte horretan oasia dira. Kutxa bakoitza mundu propio bat da, edo hobe esanda, Valverderen mundu propioko eszena jakin bat. Eta horietako hainbat, horietako asko, bisitagarri daude San Telmo museoko Laborategian dagoen Rosa Valverde. Arte kaxak erakusketan.

Hormetan daude eskegita kaxak; horma guztiak daude kaxez beteta, bata bestearen segidan. Eta aretoan sartu eta bisitariari argi gelditzen zaion lehen gauza hauxe da: Rosa Valverderen kaxen ekoizpena ikaragarri zabala izan zela.

Bere lehen kaxa 1978. urtean egin zuela uste da, eta 2000. urteko lehen hamarkadetan zehar oraindik ere kaxak egin eta egin jarraitu zuen, etengabeko pultsio edo beharra izango balu bezala. Bere ekoizpen artistiko ezagunena pinturarena da zalantzarik gabe, baina erakusketa honek argi uzten du Rosa Valverde margolari hutsa baino askoz ere artista polifazetiko eta konplexuagoa izan zela.

Kaxen esparrurik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, horien barnean sortzen den hiru dimentsioko espazio zehaztu eta itxi hori da; eszenatoki itxi gisara funtzionatzen duena. Eta barne espazio horietan, bere diorama propioak sortu zituen. Berdin zion horretarako erabiltzen zituen teknikak zein ziren, berdin zion gauzak lotzeko erabilitako grapak ikusten ziren edota erabilitako paper zatiak apurtuta zeuden ere; argi dago haietan sortutako munduak artistak berak eraikitakoak direla, eta badirudi hori begien bistan gelditzea nahita bilatzen zuen zerbait zela.

Begiradak, hala ere, ez die kasu handirik egiten horiei; ikusten ditu, bai, baina pasaeran. Badira gauza eta kontu interesgarriagoak behatzeko, barnealdeetan: Valverdek aukeratutako objektuak alde batetik —denetarikoak—,eta bestetik, haien konposizio eta uztartzeen bidez sorturiko istorio berriak. Kontu handiz egindakoak dira guztiak, ongi pentsatu eta aztertutakoak, eta ez inolaz ere zoriaren bidez egindakoak. Urrutira joan gabe, Artearen Historiari berari egindako keinuak hamaika topatzen dira: kaxetako batean maniki baten bidez egindako Samotraziako Venus garaikide bat ikus daiteke, egungo edertasun kanonaren adierazle, akaso? Beste bat aldiz, oso modu ironiko eta jostari batean —nola ez—, Piero della Francescari eskaintzen dio, nolabait arrautza bere buruaren gainean —edo behintzat gizonezkoaren gainean— jar dezan iradokiz eta haren Sacra Conversazione lanarekin konbertsazio berri bat eraikiz; edo Millaisen Ofelia margoaren kopia baten aurrean bi igel mahai batean jesarrita ikus daitezke, zerbait edaten, urmaelean hilda dagoen Ofeliari arretarik eskaini ere egin gabe, emakume hari gertatutakoa garrantzitsua izango ez balitz bezala, edo are okerrago, normala izango balitz bezala.

Valverderen kutxak, bere bestelako lanak bezala, ez dira inolaz ere autobiografikoak, baina bai oso pertsonalak eta intimoak. Hain zuzen, bere estudioan topatzen zituen objektuekin egindakoak izaten ziren kaxa horiek, maiz ingurukoek oparitutako objektuekin, eta argi dago objektu horiekiko harreman berezia sortu zuela artistak. Baina nahiz eta seguruenik harreman horien nolakotasun guztiak jakiterik izango ez dugun, eta segur aski haiek ezagutuz gero kaxetako eszenek ere bestelako interpretazioak izango lituzketen, guzti honen ezagutza izatea ez da inolaz ere beharrezkoa Valverderen proposamenen irakurketa interesgarri eta sakonak egiteko. Horretarako, hainbat eta hainbat gako utzi zizkigun artistak. Baina irakurketa horiek oraindik ere egiteke daude, argi baitago bere kutxei dagokienez behintzat, aspekturik interesgarriena ez dela inolaz ere ardo kutxetan edo metakrilatozko kutxetan eginak egotea —erakusketako txarteltxoetako batean eskaintzen den informazioa—.

Uste dut Hilma af Klint izan zela bere lana ondorengo belaunaldiek balioztatuko zutela esan zuena; eta badirudi horixe bera gertatu dela Rosa Valverderen kutxekin ere. Erakusketa hau, bidea irekitzeko ariketa ezin hobea izan da; orain, bide honetatik aurrera jarraitzea dagokigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.