Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Zinemira

Rocka zainetan

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'El Drogas'

Zuzendaria: Natxo Leuza. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 81minutu.

Enrique Villarreal edota ezagunagoa dugun Drogas musikariaren bizitzaren inguruko dokumental interesgarria dugu Natxo Leuzak Zinemira sailean aurkeztutakoa. Bere biografia hasieratik gaur egun arte erakusten digu lan honek, eta maitasun handiarekin egindako lana da.

Bere biografiaz gain, Iruñeko historia erakusten digu dokumentalak: Txantrean nola bizi zen 1970eko hamarkadan, German Rodriguezen heriotza, nola hasi zen Drogas Barricada taldea sortzen Iruñeko merkatuan eta bestelako irudiak ikusi ditzakegu bertan. Artista honen bizitzara gerturatzeko hainbat arlotako pertsonen testigantzak jasotzen dira. Bere bikotekidea, familia, musika lagunak eta kazetariak. Biografia kronologiko bat egiten du zuzendariak, eta bere bizipen guztien inguruan hitz egiten da, bai onez, bai txarrez.

Barricadaren eta Drogasen zaleentzako lan aparta da, baina baita rocka eta musika gogoko duen ororentzat ere. Barricadaren diskografiari errepaso oso ona egiten zaio dokumentalean, eta taldetik bota zutenekoaz ere hitz egiten du. Garai oso gogorra izan zen berarentzat: bere amak Alzheimer gaixotasuna zuela esan zioten, eta berak sortutako taldetik bota zuten. Baina horrek ez zion musika egiteko gogorik kendu, eta gaur egun erreferente handi bat da musikagile askorentzat.

Historia eta musika uztartzen dituen dokumental oso ona da El Drogas. Musikaren historiara pasatuko diren kontzertu asko jasotzen dira lan honetan, besteak beste Gorka Urbizuk eta Villarrealek Berri Txarrak-en Maravillas Kobetamendin abestu zutenekoa. Horrek memoria historikoaren garrantziaz hitz egitea eragiten du, eta Villarrealen zein Urbizuren iritziak oso beharrezkoak iruditzen zaizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.