KRITIKA. Musika

Rock esperimentalaren tenorean

2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun

Tropical Fuck Storm eta Joseba Irazokieta Lagunak

Non: Bilboko Kafe Antzokian. Noiz: Irailaren 22an.

Hitzordu bikoitz berezia bizi izan zen Bilbon ostegun gauez, Joseba Irazoki eta Tropikal Fuck Storm australiarren emanaldi banarekin. Rock-and-roll astinduek girotu zuten Bilboko Kafe Antzokia aspaldiko partez, urrezko garai horietan bezala, auld lang syne.

Emanaldia Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak ireki zuen. Laukote nafarrak III (Bidehuts, 2021) azken lana aurkeztu zuen, hasierako gitarra kolpeekin ikusleriaren arreta erabat eurenganatuz. Beste musika talde batzuetan gehiago lerratu behar izanagatik ere, lastarik gabe aritu zen Irazoki Bilbon. Nabarmentzekoak izan ziren Etorkizuneko nostalgia, Egia eta gezurra eta Ikusezina kantak, zein baino zein diabolikoagoak. Disko kontzeptual batek ahalbidetu bezain beste aritu ziren gitarra doinuen herrestan, publikoaren gozamen etengaberako. Goi-tentsioko makina abian jarri zuten.

Gaueko izar nagusiak segidan azaldu ziren. Biarritzeko Atabal aretoan jotzetik zetorren Australiako Victoria estatuan ondutako Tropical Fuck Storm laukotea. Distortsioaren bideari eutsiz, kontinente australaren outback delakoa erakustera zetozela zirudien. Perkusio oinarri sendoak, gitarra doinu esperimentalak, eta geruza elektroniko osagarriren bat lantzean behin. Eta goi-tentsiodun azpiegitura horren muturrean, Gareth Liddiarden ahotan hitz parrasta itogarriak, erraietatik esanak ikara sentsazioa helarazten dutenak.

Oholtzapean zeuden eztarriak eragin zituen You Let My Tires Down kantak, Erica Dunn eta Fiona Kitschinen koru lasaigarriekin. Vibratoaren bitartez erdietsitako dardara sentsazioak jaulki zituzten Legal Ghost eta Rubber Bullies kantuek. Eta ez ziren falta izan The Bee Gees eta The Stooges talde mitikoei keinuak, Stayin' alive eta Ann ezagunen bertsioak medio.

Apenas ordu eta laurden iraun zuen emanaldiak ase gabe utz zezakeen rockzaleren bat edo beste, taldearen diskografia emankorrak kontrakoa aditzera eman dezakeen arren. Eska ziezaiokeen gauari Erica Dunnen bakarkako abestirik, Palm Springs taldean egin ohi duen bezala; edo Deep States (Joyful Noise Recordings, 2021) azkeneko lan luzearen lagin zabalago bat eskaintzea. Dena den, ikusleriarengan urritan zertzen diren emozio gordinak sortzearen errudun nagusitzat har genitzake Tropical Fuck Storm taldeko lau kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.