Kritika. Musika

Rap saioak trumoiak legez astindu du jaialdia

Trueno, igandean, Gasteizko Jazzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Trueno, igandean, Gasteizko Jazzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2024ko uztailaren 22a
15:10
Entzun

WRTH eta Trueno

Lekua: Gasteizko Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailaren 21a.

Arratsaldea Gasteizko MC ugarik sortutako taldeak ireki zuen, We Rap The Hardest lelopean. JaviDier, Kloy eta Facun Flez gasteiztarrei Shintoma bilbotarra gehitu zitzaien, saioari ahotsa ipintzeko. Xbeats DJa buru izan zen musika ipintzean, eta Nico Andinok (tronpeta) nahiz Eolo Andinok (saxo tenorra) jazz ukitua ematen zioten. JaviDier eta Xbeats SutanKlan izenarekin aurkeztu ziren, ordea, elkarrekin duten proiektuaren deiturarekin. Emanaldian proposatu zituzten abestiak artista hauen guztien sorkuntza propiokoak izan ziren, eta denen artean osatu zuten zerrenda.

Jazzaldiak jaialdiari bestelako estiloak eransteko apustua arrakasta hutsa izan zen alderdi guztietatik. Trueno ospetsua ikusteko nahiarekin hurbildu zen jende gehiena, eta WRTH tokiko kolektiboaren aurkezpenak girotua zeukan Mendizorrotza ordurako. Musika estilo honen barruan murgildu ziren lehenengo aldiz jaialdian ohikoak diren entzule asko, eta musika kalitatea bermatua egon bazen ere, beharbada pluraltasunaren falta sumatu zen, emakumeen presentziari dagokionez bereziki. Rapa eta hip-hopa jorratzen dituzten emakumezko hamaika artista bikain dauzkagu gure artean. Jaialdian berria den estilo honen agerpena maskulinitate are handiagoaz adierazteak ez dirudi bide zuzena gaur egun.

Nerabeek eta gazteek osatutako entzule sorta ikaragarri handia hartu zuen Mendizorrotzak. Jaialdiak inoiz izan duen batez besteko adin gazteena, ziur asko. Aulkiz beteta egoten da pista, jazza entzuteko egokiena suertatzen baita. Bi kontzertuen arteko atsedenaldian nerabe oldeek pista hartu zuten harrapaka, fan fenomenoa agerian utziz, aulkien gainean zutituz, eserlekuak han egongo ez balira bezala. Trueno agertzean oihuz bete zen auzoa.

22 urteko rap kantari argentinarraren ibilbideak gora egin zuen 2019an Bizarrapek elkarrekin grabazio batzuk egitea proposatu zionean, eta geroztik hiru disko arrakastatsu atera ditu, kolaborazio gehiagoz betetakoak. Haietako batzuk Espainiako Estatuan ospe handikoak izan dira, bere jatorrizko herrialdean baino gehiago zenbait kasutan. Azken proiektua, El Último Baile izenekoa, pieza oso motzez osatua dago eta kolaboraziorik ez da bertan. Maiatzean kaleratu bazuen ere, Gasteizko entzuleek buruz zekizkiten abestien hitz guztiak. Disko indartsu eta energikoa da oso, eta funk nahiz dancehall estiloetan mugitzen da jazz ukitu lotsatiekin. Orain arteko bere proposamen interesgarriena da.

Aurkeztutako abesti ugari kolaborazioak ziren jatorrian, baina haren gertuko lagun eta musikariak baino ez zeuden eszenatokian, nahikoak izan zirenak abestiak moldatzeko eta bakarka aurkezteko, energia inoiz galdu gabe.

Emanaldi lehergarriaren ostean, gazte askok jaialdia ezagutu dutela esan daiteke, eta haien buruan oroitzapen izugarri polita daramatela argi dago; zain egongo gara hurrengo urteetan jaialdiak bueltan ekartzen dituen ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.