'Aquí va a venir un cataclismo'
Lekua: Gernika-Lumoko Trinkete antitxokoa. Eguna: Ekainaren 3a.
J.B. Pedradas izendapena erabiltzen du Javi Barandiaran donostiarrak bere proiektu pertsonalak plazara eramateko, eta azken urteotan trilogia moduko bat eratu du elkarrekin erlazionaturiko hiru pertsonaiarekin.
Trilogiaren hasiera 2014an ezagutu genuen, Pepino ustelak hozkailuan lanarekin, eta bigarren atala No estoy para nadie deitu zen. Lehendabizikoan agian trabesti agian prostituta zahar izan zitekeen izaki lastimoso bat aurkeztu zuen, atxilotua izan osteko orduetan eta alboko aulki hutsean zaindari zeukan polizia ikusezinaren presentzia nabarmenduz. Bigarren atalean, aldiz, polizia hura gorpuztu zuen, haren buru-gaixotasunak eragindako arazoak gordintasun osoz erakutsiz. Kontua da biak ala biak psikiatra berak tratatu zituela, eta, ulertzekoa denez, iragarrita zegoen psikiatrarena izango zela trilogiaren hirugarren pertsonaia.
El diario de Montse Miguelez (Montse MIguelezen egunkaria) darama oraingo piezak azpititulutzat, baina emanaldian zehar ez da lotura zuzenik ezarriko aurreko bi pertsonaiekin, lehenengo bi piezen artean ezarri ez zen bezalaxe. Balizko lotura bakarra guk dakigulako existitzen da, eta pertsonaiek beraiek ere ez dakite edo kontzientzia txikia dute elkarren ezagutzaz.
Beraz, Montse deitzen da sarritan agindutako psikiatra, eta haren egunkari pertsonalaren bidez ezagutuko ditugu bere izaera eta bere kezkak. Pertsonaia estrainioa da hala ere, aurreko biak bezala, baina guztiz aproposa Barandiaranen gaitasun eszeniko itzeletarako. Barandiaranek berak idatzitako testuak ironia handiz deskribatzen du Montseren bizitza pribatua eta, aurrekoetan legez, samurtasun izpiekin hornitzen du bere pertsonaien gizatasun degeneratua. Gaitasun horregatik eta taula gainean dauzkan bertuteengatik —presentzia eszenikoa, ahotsaren modulazioa eta proiekzioa, gorputz osoko adierazkortasun neurtua, eskuei zein aurpegi-keinuei emandako rola...— ezinbestekoak dira bere sorkuntzak eta emankizunak.
Amaitu baino lehen argitu behar dugu oraingo hau estreinaldiaren aurreko proba bat baino ez dela izan, hurrengo emanaldietan perfilatzen joango dena. Hala ere, ausartu naiz testu hau idaztera, lepoa egingo nuelako behin-betiko produktua oraingoaren ia berdina izango dela, estreinatu arteko hobekuntzak gorabehera.