Kritika. Zinebi jaialdia

Propaganda

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
'Sekigun-PFLP: Sekai sensô sengen' (The Red Army / PFLP: Declaration of World War)

Zuzendaria: Koji Wakamatsu eta Masao Adachi.

Herrialdea: Japonia.

Iraupena: 60 minutu.

Aurtengo Zinebi Palestinako eta Palestinari buruzko produkzioaren erakusleiho bihurtu da, eta lurralde hartako herritarren bizimodua ezagutaraztea du helburu. Adachi eta Wakamatsuk borroka armatua propagandarik onena dela uste zuten eta PFLP Palestina AskatzekoHerri Frontearen aldeko propaganda egitea ideia bikaina iruditu zitzaien Cannestik alde egin ondoren. 68ko maiatzean gertatu bezala zinema iraultzaren zerbitzura ipini behar zen. Jean-Luc Godarden ustez, zinema politikoa egitea ez zen eraginkorra, modu politiko batean egin behar ziren filmak. Lengoaia goitik behera aldatu beharra zegoen mundu berri bat eraikiko baldin bazen. Errealitatea hizkuntzaren bidez sortzen bada, hizkuntza berri bat asmatzeko garaia zen. Egile japoniarrek borroka armatua zapaldutako herrien hizkuntza bakarra dela sinesten dute.Inperialismoari aurre egiteko modu bakarra etsaiari bere armekin erasotzea da, ez dago beste aukerarik. Filmak ez du hausnarketarako aukera handirik eskaintzen, autoreek oso argi baitaukate dena. Dena argi edukitzea arriskutsua izan daiteke, baina garai hartako pentsamendua ulertu ahal izateko gertaerak testuinguru hartan kokatzea ezinbestekoa da. Ezker muturreko talde armatuak sortu ziren han eta hemen eta bizitza eta borroka gauza bera zirela pentsatzen zuten. Langileriaren diktadura komunismoa ezartzeko lehenengo urratsa izango zela uste zuten. Gauzak asko aldatu dira geroztik, eta Sekigun garai hartako gizartearen ispilua da. Txinan, Vietnamen eta Kuban gertatu bezala, garaipena lortuko dutela konbentzituta daude autoreak. Internazionalismoa defendatzen dute eta japoniarrei dei egiten diete borrokan parte har dezaten. Irudiak eta hitzak ez daude sinkronizatuta; batetik, palestinarren egunerokotasuna erakusten da eta bestetik, off ahotsaren bitartez, diskurtsoek ez dute etenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.