KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Programan irabazle

Marta Garcia
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun

Ganbera musika

Pianoa: Marta Zabaleta.Biola: Natasha Tchitch.Egitaraua: J. Brahms, A. Part, Ph. Hersant, R.G. Ascot eta C. Francken obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 27.

Ganbera musikari eskainitako zikloaren azken hitzorduan, Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioaren azken-aurreko kontzertua ere badenean, Marta Zabaleta eta Natasha Tchitch Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasleak aritu dira, pianoan eta biolan, hurrenez hurren. Programa erakargarria eskuan, azken 50 urteetan idatzitako obrak eta emakumezko konpositore baten suite bat tartean.

Johannes Brahmsen Scherzoa piano eta biolinarentzat (WoO 2) izan zen lehen obra, biolarako egindako transkripzioan. Hasieratik kementsu agertu ziren Zabaleta eta Tchitch, tarteka bataren eta bestearen soinu geruzak nahasiz. Arvo Part konpositore estoniarraren tintinnabuli estiloari jarraitzen dion Fratres obra entzun ahal izan zen gero, 1977. urtekoa. Gaien garapen zuzena egin zuen Tchichek biolan, Parten musikaren ezaugarri den meditazio-kutsuan guztiz sartuta. Philippe Hersantek 2005ean eliz-melodia zahar baten gainean idatzitako Tenebrae gustagarria izan zen oso, intzirien anabasan eder.

Rosa Garcia Ascoten Petite suite pianorentzat soilik eman zuen Zabaletak gustu handiz, baina ñabardura gutxirekin —Garcia Zortzien Taldea edo Madrilgo Taldea izenekoan emakume bakarra izan zen, zeina 27ko Belaunaldiaren musika baliokidea izan zen—. Cesar Frankcen Sonata piano eta biolinarentzat la maiorrean neurritsuagoa suertatu zen, eta Recitativo fantasia-n txinpartak atera zizkion Tchitchek biolari.

Emanaldia ireki zuen obrak kontzertuaren beraren izaera baldintzatu izan balu bezala, pianoan gehiegizko bolumena eta dinamika urriak izan ziren nagusi programa guztian zehar eta, oro har, jatorrizko bertsioetan ageri den biolinaren tinbrearen falta igarri zen. Hala ere, musika jaialdiak askoz aberatsagoak eta interesgarriagoak izango lirateke programatzaileek, ziklo berezi eta bereizietatik at, musika garaikidea eta emakumezkoek konposatutako, interpretatutako eta zuzendutako musika entzutea beharrezkoa ez ezik, ohikoa ere izan beharko litzatekeela aldarrikatzen duen ahotsa aintzat hartuko balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.