'Tucker. Masaeta figura'
Non: Bilboko Arte Ederren Museoa. Noiz arte: Irailaren 14ra arte.Hurbilduz eta urrunduz eskultura bat inguratzea, buelta osoa emanez hiru dimentsioko tasunak eskaini posizio guztietatik ikusleak antzeman forma, kolore, bolumen, material, angelu eta bista infinituak behatu, ukitu eta gozatzea, hain zuzen, dagoen ariketa —estetiko eta kontzeptual— zirraragarrienetako bat da. Esperientzia hori, noski, eskultura handietan —ez tamainaz, kalitateari dagokionez haal direnetan baizik— lortzen da soilik bete-betean, artistak gure zentzumenak aktibatu, engainatu, zalantzan jarri eta txunditzea lortzen duenean. Begiradarekin pentsaraztera behartzen gaituenean.
Masa dinamiko, dentso eta jariotsuak dira William G. Tuckerren (Kairo, Egipto, 1937) lanak, artearen historia handienean murgilduta betiere, eskulturaren mintzaira berezkoenagaz diziplinaren izana eta zentzua auzitan jartzen eta osatzen dutenak. Masa eta bolumenen eraikuntzak, aurretiaz existitu materiaren modelatzeak, Michelangelo Buonarrotirengandik Rodinenganaino doan tradizioan kokatzen dute Tucker, grabitate bisual indartsukoak.
Irakasle, ikerlari eta teorialaria da Tucker —erreferentziazko liburua da haren The Language of Sculpture (1974)—, Ingalaterran hazi baina AEBetan urte asko eman ditu, eta bizitza osoa eskaini dio eskulturari, eta, bere ibilbide sendoari esker, nazioarteko onarpena lortu. 1970eko urteetan, New British Generation deitutakoaren barruan minimalismo europarraren autore garrantzitsuenetakotzat hartua izan zen, eta 80ko hamarkada hasiera aldean biratze formal eta teoriko nabarmena gauzatu zuen: geometrizazioa eta sinplifikazioa abandonatu, eta eskulturaren jatorrietara jo zuen, bertikaltasuna, igeltsuaren modelatzea eta figurazioa berreskuratu guran. Bolumenera eta masara itzuli Tuckerren 50 bat eskultura eta beste hainbeste marrazki biltzen dira Bilboko atzera begirakoan, guztiak ere 1985etik gaur artekoak.
Kosme Barañano kuradoreak seinalatu legez, sabel biribil eta harri-presentziazko eskultura klasikoaren autoritatea dario Tuckerren azken obrari. Egiaz, gai eta motibo agerikorik gabe—izenburu askotan esplizituki mitologia klasikoari erreferentziak kutsu teluriko eta sinbolikoan egin arren, ez dira piezen motibo zentralak—, objektu eskultorikoen ezaugarriak nabarmentzen dira, fisikotasuna eta gorpuztasuna nola. Hala ere, usu galdatzearen zakartasunaz informalaren mugetan kokatzearekin batera, figurazio lauso baten ildoan, formatik figurarako bidean kokatzen da: astuntasun eta gorpuztasun abstraktuaren baitan ezkutatzen diren formak aktibatzen ditu ikusleak, masaren poetaren piezotan giza eta zaldi buruak, irudi dantzariak, eskuak, orpoak edo gorputz-enborrak begitantzen baitira.
Eskala da elementu zentrala. Tamaina handi eta ertaineko piezez gain, hogei maketa baino gehiago bildu dituzte parkeko museoan, pieza autonomo gisa ere primeran funtzionatzen dutenak. Estatua naturalista eta narratiboari muzin eginez, eskulturaren itxura materiko eta formala du erronka Tuckerrek, sinpletasun organikoa helburu, jatorrietara bueltatzeko asmoz historiaurreko megalito tente eta monumentaletan arreta jartzean. Izan ere, pieza gehienak zutundu egiten ditu, tentetzeak kontzientzia enigmatiko eta estrainioa egozten baitio masari, Bacon edo Tanguyren gorputz organikoen bertsio hiru-dimentsiokoak edo indusketa batean deskubritu meteoritoak zein menhirrak balira bezala. Ikuslearen presentzia eta eskulturarena berarena, izanaz harago doan egote eta okupatze espaziala —fisikoa— kontrajartzen dira. Abordatu ditzakezu, baina baita abordatua izan ere.
Potentzia bisualaz haraindi, ukitzeko obrak dira Tuckerrenak; haztatu, usaindu, besarkatzekoak. Gordin ala leuna, erakusketa aretoko argiztapenarekin bizitua den piezen sentsualtasun erradikala agerikoa da distantziatiko begi-kolpean galdu kromatismo eta ehundura aberatsez ohartzean: grisak eta berdeak, urdinak ezen horixkak, lurrak, zuriak edo arrosak, baita zorrotada zantzuak ere, azal fin eta latzak, ñabardurez beteak. Hala, egikera eta koloratura desberdineko igeltsuzko lanetan, oraindino brontze bihurtu gabe, pieza berbera materialen izaeraren arabera nolatan aldatzen den antzeman daiteke.
Marrazkiei dagokienez —izan ikatz-marrazkiak izan monotipoak—, ez dira zirriborroak, beren baitan esperimentazio formalen fruitu diren piezak baizik. Alta, aretoan osagarri bisual gisa bikain funtzionatzen badute ere, ez dute eskulturen autonomiarik lortzen: figuratiboak gehientsuenak, zuzenak eta gogorrak dira, zarratuak eta indartsuak, paraleloki gauzatu proposamen plastikoak diren heinean eskultura garaikidearen erreferente den Tuckerren lengoaiaren gako formal eta intelektualak ulertzeko egokiak.