KRITIKA. Artea

Preludioa eta fuga

1966 Gaur konstelazioak 2016 erakusketako obra bat. ANDONI CANELLADA / ARP.
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun

'1966 Gaur konstelazioak 2016'

Non:

San Telmo museoan, Donostian.

Noiz arte:

2016ko maiatzaren 15era arte.

Alfred North Whiteheaden esaldi ospetsuenetariko baten eraldaketa xaloak ematen du ongi etorria erakusketara, museoko hormetako beiren bestaldetik zeharka begiratuaz. San Telmoko barne patioan dagoen Txomin Badiolaren Pensamos al por mayor pero vivimos al detalle eskultura da, nahiz eta izkina batean egon, ibilbidetik kanpo, bere tamainagatik oharkabekoa ez dena. Burdina eta kristal industrialezko egitura da, sendoa, iraunkorra, baina apurkorra era berean, itxia, baina irekia, aldakorra izan daitekeena, baina aldatzeko itxurarik ez duena. Hau da erakusketaren preludioa, lehenengo entzuten den melodia.

Fugaren lehen notak, berriz, dokumentazioz papereztaturik datoz. Gaur taldea osatzen dutenen argazki bat dago atea ireki aurretik, tamaina handikoa eta zuri beltzekoa, eta atearen bestaldean, erakusketa abordatzeko dosi informatiboa. Hainbat beira-arasa eta beste hainbat artelanen eskutik, Barandiaran galeriak 60ko hamarkadan Donostian izan zuen garrantzia azpimarratu nahi izan da, garai hartan kokatuaz, frankismoaren testuinguru jakin hartan. Gaur egun hain ezinezkoak eta ia ulertezinak diruditen nahasketak, elkarketak, bideratzeak azalarazten dira: euskal tradizioaren eta Europako abangoardiaren artekoak; egun batean Schonberg, hurrenean Ez dok Amairu, eta tartean, nolabait bi joerak uztartzen zituelarik, Gaurren erakusketa eta manifestua.

1966koa zen egun hura, iraganeko gaur hura, Gaur sortu zeneko hura. Artista talde bat izan zen taldearen fundazioaren muina; baina hura ez zen arbitrarioki sorturiko konstelazioa. Zortzi izen jakinek osatzen zuten, gaur egun, bata bestearen segidan ia buruz eta duda-muda handirik egin gabe gogoratzen ditugunak: Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, JoseAntonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta.

Urte jakin hartan talde nahia gailendu bazen ere, pixkanaka- pixkanaka artisten arteko kohesio eza gero eta handiagoa zen, oso denbora gutxian, eztabaidek lehen planoa hartu eta indibidualtasuna azaleratu zen arte, talde izaera apurtuaz. Modu horretan, talde izenak baino izenen lerrokatzeak zentzu handiagoa hartzen du, baita aretoan ere, erakusketaren izenburuari muzin eginaz hautematen den artisten indibidualtasunak ere, —testu, izen eta tarteko-hormen eraikuntzak taxuturikoa—. Nahia besterik izaten ez denean, nahi hutsean gelditzen baita guztia, izen hutsean.

Pasabidea zeharkatu eta komisarioak izendaturiko Kairós garaikidea-ren eremura igaro gara, fugaren kodara. Lehenik, ordea, kairós zer den jakin behar: denborazko bidegurutzea, gure gaur egungo garaian berariazko esanahia hartzen duten irudimen, gizarte, politika eta bizitzako denboren nahaste egokia eta aproposa. Iraganaren, orainaldiaren eta etorkizunaren memoria baten denborazko korapiloa (sarreran ematen duten liburuxkaren arabera). Orain, gauzak argiago daude greziera kontrolatzen ez duenarentzat.

Zortzi artista hemen ere, eta hau bai, konstelazioa, multzo arbitrarioa. Gaur sortu eta 50 urte beranduagoko gizartearen aspektu ezberdinekiko konpromisoa jariatzen duten lanak ekoizten dituzten artisten multzoa. Hala ere, eta nahiz eta zenbait lan azpimarragarri egon erakusketaren bigarren zati honetan, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen Nire ama Roman hil da proiektua kasu, iraganarekiko lotura falta sumatzen da pasabidea zeharkatu ostean. Beste erakusketa baten sarrera dirudi, kairósak iradokitzen duen denboren arteko bidegurutze edo korapiloa izan beharrean. Aurreko artistekiko elkarrizketen gabezia sentitzen da, eta nahiz eta azken artistetako bakoitzaren piezetariko bat erakusketarako bereziki sorturikoa izan, 60ko hamarkadako taldearekiko hizketaldiek, elkarketek edo urratuek, alegia, konexio puntuek, hala moduz, huts egiten dute.

Erakusketa beraren izenburuan, proiektu honen giltzarri diren bi urteen arteko zatiketa garbi azaltzen da, bata hasieran egonik, 1966, eta bestea, 2016, amaieran, hitzen ostean. Erakusketak berak ere zatiketa bera islatzen du. Izenak ere bi multzoetan banandurik: Gaur eta Kairos. Hain zatitze garbi eta orban gabeko hauek, Gaur taldearen eta, ziurrenik, behin Barandiaran Galeria izan zenaren izpiritu esperimentala itzaleratzen dute. Hain erakusketa kronologikoki garbia izan beharrean, zirriborro, sartu irten, talka, eta saiakera ezberdinen falta sumatzen da, benetako denboren nahasketak plazaratuaz, erakusketa kronologiko tradizional, aratz, iraunkor eta itxiaren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.