KRITIKA. Artea

Prekaritate kolektiboak eta alderantziz

Iñigo Villafrancaren obra bat, Pause erakusketan, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

'Pause'

Artista: Iñigo Villafranca.Non: Uharteko zentroan (Nafarroa). Noiz arte: Uztailaren 3ra arte.

Pause titulupean, Uharte zentroak eta haren ekosistemak izandako garapenaren inguruan hausnartzeko saiakera egin nahi du zentroko Habitación espazioan egituratzen ari den azkenengo proiektuak. Zentroaren zuzendaritza berriaren esperoan, orain arte egindakoaren atzera begirakoa zein egungo testuinguruan izan duen eragina aztertzen du. Iñigo Villafranca artista da, zentroarekin elkarlanean, hausnarketaren ehulea.

Prozesu horretan, hausnarketa orokor eta lausoa proposatu beharrean, Nafarroako testuinguru artistikoaren parte den agente espezifiko baten kasua ikusarazten da, zeinak, inguruko agente artistikoen testuinguruak bildurik, ondorio anitz atera dituen. Testigantzen artean beti errepikatzen da egoera homogeneo bat: prekaritatea. Noiz hasten eta amaitzen dira lanaldiak? Beste zerbaitetan aritu behar al dira bizirauteko? Ba al dago lana eta bizitza banatzeko aukerarik?

Hortik abiaturik, hein batean dikotomikoak diren bi espazio eraiki ditu artistak: logela eta bulegoa. Lehenik, espazio ilun, gris eta zurrunak eginen digu harrera; bulegoak. Bada, gristasun hori urratzen duen proiekzio bat sumatzen da alboan, espazioaren kutsu hieratikoa zeharkatu, eta gristasun hori kolore morearekin argitzen duena.

Kontrastea sorrarazten du espazioak, artistaren lantokia eta artisten tailerraren iruditeria desegiten baitu. Mahai bat, aulkiak, ordenagailua... Alabaina, gerturatu eta materialak irakurri ahala, espazio estatiko eta neutro horren irakurketa ironikoaz ohartuko gara. Burua mahaian dauden objektuak aztertzeko makurtzen dugun unean, eskuorrian hurrengoa irakur baitezakegu: «Zailtasunik al duzu zure lanaldia noiz hasten eta noiz amaitzen den zehazteko? Nik ere bai, ez daukat konponbiderik, baina entzun dezaket».

Orduan, begirada altxatu eta albora zuzentzen dugun momentuan, testu bera mantentzen duten eskuorriek lurra zipriztintzen dutela ikusiko dugu, ordena deseginez, eta hitzak aldarrikapen bilakatuz. Desegite hori progresiboki handitzen da, eta txikitutako paper zati anitzek murrua inguratzen dutela sumatzen dugu. Instituzioek artisten lanekin duten harreman garratzaren kritika ikusarazten du modu horretan artistak. Askoren sustengua deialdietara aurkeztutako proiektuak dira; alabaina, bakarra da diru laguntza lortzen duena. Aukeratuak ez direnak espazioan aurkezten zaizkigun paper zati bihurtzen dira: txikituak, zatikatuak, deseginak...

Proiektuka lan egiteak eragiten duen deskonexio faltarekiko loturak eta tranpak igorririk, hurrengo espazioan logela dugu. Aurreko gunearekin kontrastean, espazioan zuritasuna da nagusi, artistaren bizipen propioekin lotutako iruditerien bitartez bizitasuna eta erritmoak sortzen dituena.

Deigarriena erdialdeko ohea da, katedun alfonbra baten gainean kokatua dagoena: hausnarketekin jarraitzeko espazioa, deskantsatzeko gunea, ezinegonak azaleratzen dituen atmosfera?

Espazioak, arrotza izan beharrean, alegiazko ipuin baten estetika eta iruditeria goxoak errepikatzen ditu, eta ikusleokin zuzen-zuzenean konektatzen du.

Artista baten egoera espezifikotik abiatuta, egoera hedatzen dela ikustarazten du. Nolabait ere, bertaratzen garenon egoera pertsonalekin bat egiten baitute ezaugarriek, istorioek eta irudiek.

Egoera indibidual hori kolektiboa dela ikusarazten da. Bi espazioek sorrarazten dituzten kontrako egoerek zeharkatuko gaituzte, erosoa eta deserosoa, intimitatea eta esposizioa... Eta, hein handi batean, espazioak aztertu eta okupatu ahala, ondorioztatuko dugu hain kontrakoak diruditen horien ezberdintzea ez dela hain bortitza. Koloreek, ezaugarriek, irudien istorioek eta artxiboek ikusaraziko digute kontrakoa den horrek alderantzizkoa blaitzen duela, eta alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.