Artea
'Egonaldiak. Artium bildumaren inguruko lehengoratze jarduerak'
Non: Artium museoa (Gasteiz). Noiz arte: 2012ko apirilaren 8a arte.
Pasilloz pasillo ibili behar izan dugu Artiumen barrena, Egonaldiak ikustera iritsi orduko. Erakusketaren sarrerako gelan liburuxka bat daukagu eskuragarri, non Mar Villaespesak eta BNV producciones-ek, proiektuaren egileek, erakusketaren xede eta aurreko gertakari teorikoen berri ematen duten. Liburuxkan azaltzen zaigunez, erakusketaren helburu nagusia Artium bildumako lan jakin batzuei potentzialtasuna itzultzea da; Giorgio Agambenek dioen moduan, artelanek badutelako berpiztu daitekeen potentzia hila. Horren harira, galdera nagusi bat mahaigaineratzen da: nola birpolitiza daiteke despolitizatutakoa? Eta erantzunak kritika feminista eta kritika instituzionalaren baitan kokatzen dituzte. Testuinguru horretan, eta erakusketa honen egite prozesuan jarraitutako moduei dagokienez, bi funts nagusi aipatzen dira: batetik, museoa bera, Artium, interes ekonomiko eta ideologikoen bitartekaria dela antzemanez lan egin dutela; bestetik, historia txikien errebindikaziotik Historia handian interferitu, hauxe distortsionatu eta, posible bada, aldatu gura dutela.
Suspertze proposamen hori gauzatzeko BNV producciones-ek lau eragilerekin egin du lan: Bulegoa z/b-rekin, Valentin Romarekin, Fundacion Rodriguezekin eta Laura Trafi-Pratsekin; laurek egin dute euren bildumaren berrirakurketa. Oro har, esango nuke egonaldietara sartzea ez dela esperientzia jostagarria, eta hala izateak baduela logika, erakusketa honen izaera kontuan hartzen badugu; erakusketa bera, batik bat, edukiontzi edo kontainerra delako, erakusketa ez delako proiektuaren erdigunea. Erakusketak biltzen du jadanik izan diren edo izango diren, tailer, antzerki emanaldi eta laborategien arrastoa, eta betegune moduan bainoago, lorratz-gune moduan pairatzen da. Erakusketa gunea denboran izan denaren edo izango denaren arrastoa da, eta bisitariak ekintza gabezia sumatzen du espazioaren magalean.
Bulegoa z/b-k Oteizaren Homenaje a Velázquez (1958), Artium bildumako obra esanguratsua, zapi batekin estali du, eta harmaila batzuk jarri dizkio parez pare. Proposamenak gonbidatzen gaitu arte lana espazioan aurkezten denean sortzen diren harremanei buruz pentsatzera, horretarako bi aurkezpen modu, antzerkikoa eta museokoa, kontrastatuaz. Egonaldiek iraungo duten ia denbora osoan, sei hilabetetan, eskultura estalita egongo da, eta datorren otsailean egingo diren lau antzerki emanaldietan estalkia kendu eta antzezlanarekin batera eskultura ere bistaratuko da. Funtsean, eskultura, ezin izango dugu begiratu normalean eskulturak museoaren barruan begiratzen ditugun moduan, beti izango baitugu gure begirada eta eskulturaren tartean ezohikoa den bitartekaria, dela antzezlana, dela zapia. Valentin Romaren berrirakurketa proposamenak ere, Bulegoa z/b-renak bezalaxe, bildumako artelanak seinalatzen ditu: Romak 8 eta Bulegoak 1. Bildumako zortzi obra horietatik abiatuz, besteak beste, Oráculo (2004), L.S.D.A. (2000), Remenbrandt (1973), Dau al Set nº8 (1947) edo El autorretrato en el tiempo (1981-94), dagoeneko gauzatu den hamar eguneko mintegian esploratu da arteak politikari nola eraso, talka egin, diezaiokeen. Ikusgai dagoen emaitzan mintegiaren arrastoak eta seinalatutako artelanak nahasten dira; saltsa, batek jakin denbora faltagatik edo baldintza desegokiengatik ote, mamitzeke dago; halere, eskertzen da aipatutako egonaldietan ematen den artelanen seinalamendua. Horren harira, Fundacion Rodriguez-en collage infinituan seinalamendua izatekotan, seinalamendu ezintasuna da, eta Laura Trafi-Pratsen galdera funtsezko baina zabalegietan, aukeraketen falta sumatzen dut, eta horiek sortzen dituzten erritmo eta berrirakurketa espezifikoen falta. Dena den, hilabeteak eta ekintzak falta dira, eta kontainerra betez doan heinean zer itxuratuko den ikusiko da.
Oro har, liburuxka irakurri eta gero, egonaldiak bisitatu eta gero, gaurko erakusketak arte komisarioen egitekoaz pentsarazten dit batik bat. Artiumek BNV produccionesi enkargua egiten dio, eta BNV produccionesek beste lauri, horrek erakusketaren izaera itxuratzen du, eta bistakoa da enkargua beste batzuei eta ez horiei eginez gero, bestelako saio baten aurrean izango ginatekeela. Eragileen aukeraketaren balioak, beraien arteko diferentzien antzemateak, sortzen diren antzekotasunak, elkar jateak, bat egiteak… dira hausnarketan protagonista. Eta ondorioz, bisitaldiak, artelanaren potentzialitate itzulia bainoago, artelanen inguruan modu kritikoan jarduten duten pertsona taldeen potentzialitatearen balioa adieraztera garamatzate.
Artea. Kritika
Potentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu