Susak argitaratzen duen Lisipe bilduma feministako hamahirugarren liburuxka dugu Eva Perez-Ponsen Erresistentziarako gorputzak: bollerak saio-ikerketa. Eta, feminista bezala etiketatu beharrean, garai hauetan eta Perez-Ponsen ekarpenari eskerrak, besteak beste, agian, transfeminista ere badela adierazi beharko nuke. Hain zuzen ere, hori baita autorearen ikerketa-lanak proposatzen duen borroka-ildoa: mugimendu (trans)feministak, queer teoriak egindako bidetik, beste hainbat -fobo-rekin batera, heterosexista eta kapitalista ere baden (hetero)patriarkatuak zapaldutako subjektu guztiak errepresentatu, eta guzti-guztien aukera eta eskubide berdintasunaren alde egin beharko luke. Era horretan, feminismoaren hasierako olatutik bertatik ikusgarri egin den emakume zuri eta burgesaren irudiarekin batera, beste hainbat kolektibo zaurgarrituk ere sistema zapaltzaileak ukatu dien espazioa, eta, beraz, agentzia aldarrikatzeko eta exijitzeko aukera izango dute.
Horren guztiaren aldarria egiteko, baina, bereziki, sistemari kontra egin eta berau iraultzeko, Perez-Ponsek bollerak dakartza lehen lerrora; bere hitzetan: «Emakumeen arteko erotismoa erresistentziarako gune gisa planteatu izan da, sistema heteropatriarkalak emakumeei ukatu dizkien konplizitate eta elkarrekin egoteko guneak zabaltzeko aukera ematen duelako». Bere tesia argudiatzeko lau kapituluko bidaia bat proposatzen digu autoreak: lehenengo atalean, hain zuzen ere ikuspuntu hori berori ulertzeko oinarrizko legeez, kolektiboez, kontzeptuez eta sistemaz mintzo zaigu; bigarrenean, izenburuak aurreratzen duen bezala (Gorputz politikoa: zaurgarritasuna erresistentziarako tresna gisa), zaurgarritasunean jartzen du fokua, eta saiakera-lanean behin eta berriz aipatzen direnak ulertzeko gakoak ematen ditu. Hirugarren atalean, Bollera gorputza: emakumearen mitotik agentzia sexualera izenburupean batik bat liburuaren tesi nagusiari ematen dio indarra; azken atalean, Parte-hartze politikoaren izaera-n, berriz, gizarteko biolentzia modu nagusiak izendatzeaz batera, etorkizuneko zenbait lerro marrazten ditu.
Ikusten denez, saio luzea ez izan arren, informazio eta ideia andana dakartzan ikerlan trinkoa ondu du Perez-Ponsek, asko baitira mahaigaineratzen dituen auziak, oso konplexuak, baina beharrezkoak guztiak. Nahiko akademikoa da, gainera, autoreak darabilen erregistroa ere, eta horrek, ikerketa-lan baten itxura emateaz gain, seriotasuna ere ematen dio lanari. Dena den, hizkera akademiko zurrun horrek eskatzen duen zuzentasuna faltan izan dut maiz, sintaxia iraulita aurkitu baitut batzuetan, perpaus luzeegiak besteetan, eta han-hemenka ergatiboren baten falta ere. Dudarik ez dago, hala ere, obrak falta duen azken orrazketak irakurketa zailtzen duen arren, orriz orri, euskal komunitateak (ere) behar dituen hitzak eta transgresioak aurkituko dituela irakurleak Eva Perez-Ponsen lanean.
'Erresistentziarako gorputzak: bollerak'
Post-identitateez
Idazlea: Eva Perez-Pons. Argitaletxea: Susa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu