Zinema. Kritika. Beldurrezko eta Fantasiazko Astea

Porrota

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
'Sawney-Flesh of Man'

Zuzendaria: Ricky Wood Jnr. Aktoreak: Elizabeth Brown, Lisa Cameron eta Lindsay Cromar. Jatorria: Erresuma Batua.

M aisu handiek unibertso bereizgarriak sortzeko gaitasuna dute, eta, hortaz, estilo propioa garatzen dute. Gainerakoek maisuen ideia eta berrikuntzak egokitzearekin konformatu behar dute. Produkzio britainiarrek etsipena sorrarazten jarraitzen dute. Originaltasun gutxiko istorioak aurkezteaz gain, ez dute ikuslea konbentzitzeko adina meritu egiten. Pastichea eta testuartekotasuna dira gisa honetako lanen ezaugarri nagusia, baina Ricky Wooden opera primak ez du ezer berezirik eskaintzen. Filmak ez du nabarmentzeko ezer, maisulan askoren kopia kaskarra baino ez da; The Silence of the Lambs eta Seven aipa daitezke erreferentzia gisa. Ez du merezi honelako produktu batean denbora galtzerik. Zonbi eta estralurtarren ondoren, izua bainoago barrea eragiten duen psychokiller baten istorioa dakarkigu Woodek. Transzendentzia lortzeko ahaleginetan Bibliako pasarteak baliatzen ditu, baina emaitzak ez dio eskasa izateari uzten. Sawney karikatura hutsa da. Zeharo erotuta dago gizona, eta giza haragia jatea eta hildakoen odola edatea atsegin du. Eskoziako lurralde galduetako gotorleku batean bizi da, eta noizean behin hirira jaisten da haragi gehiagoren bila. Buffalo Billen antzera, leku dekadentean bizi da. Normalean pantailan ageri diren psikopatek ez dute benetakoen antzik. Psikopatak ez baitira gizartetik at bizi, gure artean daude. Psychokillerrak Sawney bezalakoak balira, denak kartzelan leudeke. Laburbilduz, lotsa eta dena ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.