Tenpora taldea bigarren diskoa besapean duela datorkigu udazken honetan. Hainbat taldetan aritutako eskarmentu handiko musikariek osatu zuten taldea 2013. urtean, aurrekoetatik ezberdindu eta talde soinu sendo bat bilatzeko asmotan. Pop eta jazz doinuak uztartuz lortzea zen euren asmoa, eta lehen lanean ikusi bezala, lortu zuten; zer esanik ez bigarren Itzulika honetan; talde izaera diskoa entzuten hastearekin bat nabaritzen baita, kide bakoitzak besteen espazioa errespetatuz, instrumentuak eta ahotsa nahastuz, baina guztiak maila berean mantenduz.
Jazz oinarria ezinbestean aipatu beharrekoa da, mundu horretatik baitator taldekide bat baino gehiago, eta hori nabarmen senti dezakegu. Ia kantu guztiek bost minututik gorako iraupena dute, eta doinuak— nahiz eta haizezko instrumenturik ez izan— sendoak baina era berean harmonia handikoak dira. Pop doinuak dira, aldiz, jazz musika purutik guztiz aldendu eta ukitu melodikoa emanez, taldea publiko zabalago batera iristen lagundu dezaketenak, Elene Arandiaren ahots eztiari esker abestiak goxatzen baitituzte —baita gitarraren eta teklatuaren laguntzari esker ere—. Diskoak rock ukitu bat ere baduela esan daiteke, baina betiere zentzu lasai eta bareenean, bilduma honetan pop eta jazz doinuak baitira nagusi.
Hamar abestitan bizitza osatzen dutenen ingurukoak jorratzen dituzte hitzetan. Diskoari izena eman eta irekitzen duen Itzulika-n herri nortasunari eusten diote: «Gure herria ni naiz, gure herria hor dago ba, gure herria izana da, gure herria itzulika». Zure Tristura jazzyan maitasuna dute gai: «Maitasuna, maitasuna, erromantikoen uharte, dena desegingo zait odola izoztu arte». Eta Lesbos-en errefuxiatuen gaia jorratzen dute: «Lesbos uhartean ere gure gisan, baina gehitu horri txarrantxaren isla». Hitzez gain, ilunak dira abesti guztien doinuak ere; ez da dantzarako paradarik izanen, gaur egungo mundu eta gizartearen isla balira bezala. Baina lehen aipatu melodia eta ahots eztiek garraztasuna goxatzen dute erabat, disko intimo eta sakon bat eratuz.
Nabari da kalitate handiko musikariak ditugula proiektu honen atzean: Hasier Oleaga bateria jotzailea, Itxaso Etxebeste baxu jotzailea, Beñat Barandiaran gitarrista, Juantxo Zeberio teklatu jotzailea eta Elene Arandia abeslaria hain zuzen ere, eta diskoak, talde izaera eta nortasun handia transmititzeaz gain, segituan erakusten du kalitate handiko lan baten aurrean gaudela. Gustu handiz eginikoa, garraztasuna goxatzeko gai izanik, jazza alde batera utzi gabe pop doinuen itsasoan murgiltzen dena, eta momentu batzuetan, progresioarekin ere ausartzen dena.
Proiektu interesgarri ugari argitaratzen dira udazkenean, Durangoko Azokara begira asko, eta anabasa horretan galdu egiten dira hainbat. Bada, pozten naiz guztien artean disko hau entzuten hasteko egin nuen hautuaz.
Tenpora 'Itzulika'
Poparen eta jazzaren artean itzulika
Diskoetxea: Batera Ekoizpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu