Dick Diver. 'Melbourne, Florida'

Pop doinuetatik harago

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Diskoetxea Chapter / Trouble in Mind.

Sare sozialen basamortuan, lantzean behin, oasiak aurkitu ohi ditut. Putzu horietan, musika kazetariak, musikazale sutsuak eta benetako disko editore independenteak bildu ohi dira, psikodelia garaikide, binilozko berrargitalpen eta gitarradun pop taldeen inguruan aritzeko, besteak beste. Eduardo Ranedo kazetaria da solasaldi digital horietan parte hartu ohi duen iritzi-emaile fidagarrienetarikoa. Bada, Donostian bizi den kazetari bilbotarrak Dick Diver australiarren lan berria goraipatu berri du post horietako batean, eta jakinda pop kontuetan antzeko gustuak ditugula —gitarra biziekin josita kantu melodikoak— aussie-n lan berrian murgiltzea deliberatu dut, eta deskubritutakoa, ezbairik gabe, erabat ezustekoa izan da.

Hori gutxi balitz, gerora jakin dut taldekideen artean Total Control eta UV Raceko Al Montfortek baxua jotzen duela eta Boomgateseko Steph Hughsek bateria. Dena dela, Dick Diverren arima Rupert Edwards eta Alistair McKay gitarra jotzaileak dira. Elkarrekin eratu zuten taldea 2008an, Melbourne hirian, eta harrezkeroztik hiru lan argitaratu dituzte.

2013an plazaratutako Calendar Days diskoak laudorio ugari jaso zituen, eta, bere garaian, disko sendoa iruditu zitzaidan, baina grabazio berri honetan erakutsi dute ez direla erraz konformatzeko musikariak, haien proposamena apur bat harago eraman baitute. Hala, aurrekoarekin alderatuta, lan hau landuagoa da, ez hain zuzena, ñabardura gehiago gordetzen dituena. Horren erakusle, Leftlovers balada da: Steph Hughesen ahots femeninoa dirdiratsu ateratzen da gitarra akustikoen artetik, eta kantu osoa haize atal batek janzten du. Haize konponketa hori Josh Rouseren 1972 maisulanetik ateratakoa dirudi —Year in the Pictures eztiak ere antzeko ezaugarriak erakusten ditu—; giro kristalino bertsua antzematen da pianoak eta aipatutako haize sekzioak bultzatutako View from a Shaky Ladder azken doinuan.

Baina gitarra bizi-biziekin jositako kantuak ere biltzen dira lan honetan; besteak beste, diskoa irekitzen duen Waste the Alphabet, The Feelies estatubatuarren nerbioa eta Zeelanda Berriko The Bats-en pop akustikoa uztartzen dituena. Bestalde, ukitu elektronikoak ere ekarri dituzte grabazio honetara, Competition hipnotikoa, adibidez.

Finean, taldeak erakutsi du ez duela New Melbourne jangle eszenako beste talde bat gehiago izan nahi, ez dela soilik kiwi rockaren ondorengo duin bat. Hurrengo diskoan noraino iritsiko diren galdetzea baino ez zaigu falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.