Literatura. 'Winston'

Poetaren testamentua

Idazlea: Martin Etxeberria Garro. Argitaletxea: Elkar.

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Zortzi urte joan dira Martin Etxeberriak bere azken poema-liburua (Zakurraren poema eta beste hezurrak) argitaratu zuenetik, nahiz eta tartean anaia Xabierrekin batera nobela bat baino gehiago argitaratu duen. Liburuko azalean irakurleak aurkituko ditu agortzen ari den pospolo baten argazkia eta izenburua bera, zeinak lehen begiradan denboraren joanaren inguruko hausnarketa bat aurreikusarazten duen. Aurreko poema liburutik Winston izenburupean argitaratu berri den honetara arte igaro den denborak, agian, zeresana izango du liburu guztian zehar gailentzen den atzera begirako tonua ulertzeko: poeta joandako denboraren kontzientziaz jardungo da poema gehienetan zehar.

Memoria ariketa batek lotzen ditu liburuko pasarte gehienak; batetik, badira poeta iragan denboraz hausnartzera daramaten gertaerak, eta, bestetik, poeta haurtzaroko garai zoriontsuagoetara eramaten duten oroitzapenak. Batzuk zein besteak identifikatzeko, poetak topiko klasiko ezagunak baliatzen ditu, bestela nahiko iluna datekeen interpretazioan laguntzen dutenak.

Izenburu bereko poema bikainaz hasten da liburua: Winston. Aitaren hiletaren prestaketa-lanak gogoratzen ditu poetak zigarro-pakete baten harira. Kantu elegiako horren bidez, semeak aitarekiko identifikazioa nabarmentzen du, testigua hartuz eta hurkoarekiko desberdintzea azpimarratuz.

Aipatutako beste poema multzoa, aldiz, bizitzaren aldeko kantu baten erara interpretatu daiteke: naturako irudiei eta sexualitateari loturik ageri dira olerki gehienak, eta maitasunaren ideiaren inguruan harilkatzen dira.

Lanak ez du egitura finkorik, poema bilduma baten modura uler daiteke, hau da, irizpide zehatzegirik gabe bildutako poema multzo baten modura. Orokorrean, hala ere, liburu guztia azken poema osatzerainoko bidea bailitzan ulertu daitekeela iruditzen zait; azken poemako ahapaldiek, hala, poetak zerbait lortzeko duen bide bat egiten ari delako determinazioa erakusten dute, eta, hori horrela, zentzu metaforikoa hartzen dute, idazleak lortzeke duen zerbaitekiko analogia osatuz.

Horiek kontuan hartuz, idazlearen identitatearen sorrera gai zentrala bilakatzen da. Indibiduoaren sorrera eta kolektiboarekiko harremana nahasian ageri dira; eragin kulturalei poetak egiten dien aitortzaren bidez haragituz. Influentzia literario esplizitu nahiz inplizituz josirik dago liburua: Beckett, Ungaretti eta Baudelaire.

Aurretik aipatutako ideiari loturik, zenbait irudi indar handikoak iruditu zaizkit; surrealismoaren kutsuak eta metrika aniztasunak nabarmendu egiten dute zailtasuna, baina topiko identifikagarriek gozatzen dute lana. Aipagarria da irudi horiek neurriz landuak izan direla, eta lana edertzen dutela. Bi ahapaldiko poemek, adibidez, ideia hori ondo laburtzen dute: «Hasieran, isiltasuna zen». Batere ohikoa ez den poeta baten lana irakurri nahi duenarentzat pieza egokiak biltzen ditu Winston lan honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.