Egilea. Xabier Olaso.
Ilustratzailea: Agurtzane Villate.
Argitaletxea: Pamiela.
Batzuetan, liburu on baten alde lotsa gabe egin behar da, esku artean dugun obra honekin arituko garen bezala, arrazoiak emateko gai garen bitartean. Espero dezagun zuk ere bat egitea emango diren argudioekin, irakurle, eta hemendik aurrera liburu honen alde aritzea, dagoeneko ez bazara aritu.
Igarkizun bilduma hau orain dela dozena bat urte kaleratu zuten lehenengoz, eta berrargitaratu egin dute Klis-klasikoak bildumaren barruan urtetan agortuta egon ondoren .
Klis-klasikoak, gogora dezagun, ez da bilduma soil bat, Galtzagorri elkartearen egitasmo bat ere bada, ezinbestekotzat markatutako obren argitalpen eta berrargitalpenak bultzatzea helburutzat duena, argitaletxeen konplizitatearekin eta administrazioaren laguntzarekin. Tom Sawyer, Pinotxo edota Txan fantasma bezalako obra lustre askokoak argitaratu dira orain arte bilduma honetan eta ulertzekoa da, hor argitaratze hutsa, jada aitorpen bat dela.
Badago-eta zer aitortua.
Gutenbergetik hona ez dira dozena bat izango euskaraz sortu eta argitaratu diren igarkizun bildumak. Guztietatik lau nabarmentzen dira kalitate eta kopuruan: Etxanizen 1995eko Igarkizunak, Txilikuren 2001eko Axa mixa zilarra, Igerabideren 2003ko Mintzo naiz isilik, eta esku artean dugun Olasoren Auskalo! Aurreko hirurak ez bezala agortuta egoteak ematen zion obra honi halako mito kutsu bat —agian, merezimenduz goiti jarria— berrargitalpen honekin desagertu egin dena.
Liburua 375 igarkizunekin osatua dator; mardula da, beraz. Soilik, Etxanizenak gainditzen du, 500ekin.
Igarkizunen artean ordena jakinik ez dago. Ideia bat egitearren, lehen hirurak jarriko ditugu: (1) «Ttipi-ttapa dator, ttipi-ttapa doa, ehun txankaren gainean egiten du txangoa»; (2) «Esnatzen denean jartzen da sutan, herensuge bat ote du barruan?» (3) «Jarriko naute, jarriko, belarri-belarrian, eta hasiko dira, hasiko, hizkirimirian». Ez zaie loturarik sumatzen, ezta? Ohiko gabezia bilduma liburuetan.
Gaika sailkatutako igarkizun liburuek —Igerabiderenean, kasurako— liburu hobearen itxura hartzen dute, bai bederen antolakuntza estimatzen dugunon artean, baina Olasok erronka beste modu batera antolatu izanak liburuaren erabiltzaileari kaosaren xarma erakusteko aukera ematen dio, amaieran dagoen aurkibidean igarkizun guztiak hiru modutara antolatuta ageri direlako: agerpen ordenaren arabera, alfabetikoki eta gaika. Hortaz, —asmatuko zenituen igarkizunak, ezta?— lehenaren emaitza «ehunzangoa» da, bigarrena «sumendia» eta hirugarrena «telefonoa». Gaika animalia, natura eta etxeko gauzak ataletan aurkitzen direlarik, hurrenez hurren.
Badute, gainera, ezaugarri bat igarkizun hauek berezi egiten dituena: hitzaurrean aitortzen zaigunez, guzti-guztiak egileak berak asmatuak dira. Nork eta Olasok, errimaren eta erritmoaren poeta jostalariak.
Adinari dagokionez, ez dute mugarik erakusten, txikienekin hasi eta nagusienekin jarraiturik, erronka hauei aurre egiteko ausardia duen edonorentzat dira egoki.
Haur eta gazte literatura. 'AUSKALO! IGARKIZUN ETA AHO-KORAPILOAK'
Poetaren igarkizunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu