'Hitzak argi'

Poetak (argia) merezi du

2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Egilea: Juan Ramon Makuso. Argitaletxea: Pamiela.

Poeta abian da beti. Hitza du lanabes; lanabesa, baina, zama ere bada. Juan Ramon Makuso bizitza zama zuela abiatu zen Itakara. Bizitzeak hil egiten duela gaztigatu zigun, eta pertsonok hirian frakasatu dugula esan ere bai. Hiriari gorazarre egiten segitzen du, haatik. Hiria du kezka, agora galdua. Denborak ardura dio. Oraina galduan dabil. Poeta da, baina, batez ere, poeta metafisikoa —izan— da. Errealitatearen eta izatearen funtsa behatu ohi du oroz gain, zama filosofikoa darama. Alta, poesiaren bidean segitzen du.

Bost etapatan gauzatu du azken bidaia. Beha dezagun ibilbidea.

I. Plazara jaitsi da —portura bidean—, agora ments du, ments eta amets. Poetak eta filosofoak deman dihardute: «Eleak nahastu zaizkit. Urtu da errealitatea», diosku. Alta, hitza «usatu» baino gehiago «gozatu» egiten du poetak. Errealitate gordinari aitzi egiten dio, haurtzaroa gomutan. Itsasoan —edota basamortuan— bilatu ditu hitz lagunak, zeruertzek zedarritzen dute bere jarduna: «Bizi poza nire haurtzaroko jolas gunea zen zelaiaren itsasoan». Oroi-mina dario; alabaina, hitz argiek haur hura salbatzen dute, poeta filosofoari gailentzen zaio. Poeta soziala ageri da, lagunaren lagun.

II. «Egia biluzik ibiltzen da eta hitzek ez dute aurkitzen soineko egokia berau janzteko». Hitza denboran ezarri nahi du poetak. Hitza gailen ote den, sentitu dut etapa honetan ere. «Arrazoiak eta bihotzak ez didate argia ematen, nahiz eta hitzen itzala handia izan». Demarik dema, emoziorik emozio, poetak egoki «darabil» hitza. Poetak —poetak dioenez— iraganeko oinazeak eta (ETA hizpide) juntagailu gabe ondu beharko ditu geroan.

III. «Hitzek, berez, hor ez dauden gauzak errepresentatzen dituzte», berretsi du poetak. Haurtzaroko denbora galduaren xerka segitzen du, izuen gordelekuetan barrena. Pozarren ari da, arraunak ditu lanabes. Haurra aldarrikatzen duen poetak gazteak bidaide nahi ditu: «Esadazu zure isiltasunarekin», diotso horietako bati. Azken poeman bihotzak arrazoiari bide eman ote dion hauteman dut.

IV. «Apart: the very word is like a bell. Hitzak berak kanpaiak irudi». Infinituaren kantua eskaini digu: «Burmuinean zait eraiki hitza […]. Hitzan zait ahitu nia», dio. Lemari oratuta segitzen du, baina lema lanabesa bihurturik hitzak ihes egin ote dio? Galdu al du nora? Nork daki! «Ozeanoaren sinfonia fugan agortzen da», diosku eta. Poetaren gordelekuak infinituak dira. Denbora galdua, baina, ez dago inguratzerik.

V. Azken etapan «Abiatu naiz elurrez estalitako uhartera», dio Makusok, Tomas Tranströmer gogaide duela. Denbora ari da agortzen poetaren ibilbidean. Poetak bidaldian bidaide lartxo inguratu ote duen nago: Gotzon, Victor, Izar edota Joan Mari. «Memoriak ahanztura du bere oinarrian eta poetak ez du dena lortzen, dena ikustea zaila baita», aitor du Makusok. Poetaren kontzientzia zapaldu gabeko elurra da, eta bertan ez dago ezer idatzirik, grafitilariak jada ez daude hirian. Poetak —bere hitzak lanabes ditut— arnasa harriduraren filosofian hartzen du.

Poetarekin nago eta ez nago. Ez beti, alegia. Hitzak argiagoak dira abiaburuan amaieran baino. Hizkuntzak hitzak lausotu —menstu— ditu itsas barrenean. Lehen etapetan, bere hitzak nire(ago)ak dira. Azken bietan Makuso filosofoagoa da poeta baino. Ene ustez, bidaide gutxiagorekin aiseago egin lezake arraun. Makusok ez dio inori hitzik zor, ene gardiz. Guziarekin ere, poetak (argia) merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak