Egilea: Sebastien Perez
Itzultzailea: Jose Antonio Sarasola.
Ilustratzailea: Benjamin Lacombe.
Argitaletxea: Ibaizabal.
Urretxindorra tapa gogorrekin eta luxuzko edizioan kaleratu den 40 orrialdeko album ilustratu bat da. XX. mendeko Frantzian kokatua dagoena eta, nahitaez, Jaques Tatiren Hulot jaunaren oporraldiak (Les vacances de monsieur Hulot, 1953) gogora ekartzen duena. Esan behar da edizioaren itxura retroak asko laguntzen duela horretan, bai eta kontakizuneko pertsonaia heldu bakarrak, kapela, traje eta pipadun gizaseme guztiz tatiar horrek.
Istorioa udako haur barnetegi batean gertatzen da. Kontakizun xumea da, eta tentsioa zein korapiloa mezu anonimo batzuek eta euren idazleak sortzen dute. Hitz neurtuan idatzitako anonimo horiek, banan-banan, haur bakoitzarengana iritsiko dira, barnetegiko giro erlaxatua guztiz aztoratzea lortu arte. Bakoitzaren ezaugarriak azpimarratzen dituztelarik idatzita daudenez, neurriaren zein errimaren zantzuei erreparatuta, poesiarako zaletasuna duen norbait izan behar duela baino ez dakite. Irakasleak ere —pipa, kapela eta trajea dituen gizon tatiarra— bere mezua jasoko du («Jatorra da eta maleziarik gabea, / baina zaldi gainean ez hain trebea. / Beti umore onean, ez da haserretzen, / nahiz umeak ez diren hain txintxo portatzen. / Zuhurra eta apala, ez zurruna / hori da Jakob jauna, gure arduraduna.»). Mezuek ez dute inor iraintzen, baina, bistan da, jakin-mina izugarria da. Hala, pertsonaia ezkutua agertzean burutzen da istorioa, lotsatia bezain kantari ona den mutikoa, Urretxindorra ezizenez ezagutzen dutena, ezagutzen dutenek. Eta «ezagutzen dutenek» diot ezen, antza denez, barnetegiko haren kideetako inork ez baitzuen harengan erreparatu ordura arte.
Beraz, Urretxindorra-k bere burua kanta bidez aurkezten die, eta hala amaitzen da istorioa.
Liburua iradokitzailea gertatzen da, iragana berrasmatuaz sortutako unibertso paralelo batean kokatzen gaituena eta irudimena haizatzeko parada ezin hobea eskaintzen diguna. Ilustrazioa ederra da, hitzaren esanahi artistikoan, horiaren, gorriaren eta berdearen konbinazio oso natural eta iradokitzaileetan sortutako figura goxoekin, narrazioarekin guztiz bat egiten duena eta kontakizunaren pisua hartzen duena. Perspektiba aldaketa asko egiten dira, azken urteotan ilustratzaileen artean nagusitzen ari den begirada motarekin bat eginez.
Kontakizunaren haria ulertzeko frantsesez idatzi dela kontuan hartu behar dugu. Hizkuntza hartan urretxindorra hitza kantari zein poeta ona den pertsona izendatzeko erabiltzen baita, istorio honetako protagonistaren antzera. Euskararako itzulpenean poesia gehiena gaztelaniazko pareadoen antzera eman zaigu, salbu azken bertsoa, zortziko handian dagoena.
Gidoia ez zait oso sinesgarria iruditu, baina, tira, ume lotsati batek bere burua aurkezteko barnetegi-kideak antzoki batean bildu eta oholtzara kantatzera igoko dela sinisteko gai bazara, ba, ez dugu berdin pentsatuko. Dena den, onena amaieran ez baizik bidean dagoela dioen ideiarekin bat egiten du liburu honek, zeren liburu honekin korapiloa askatu aurreko guztian gozatzen delako.
Zortzi bat urtetik aurrerako irakurleontzat gomendatua dator.
Haur eta gazte literatura. 'URRETXINDORRA'
Poeta? Kantaria? Bertsolaria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu