Literatura. 'Zer luzea negu hau'

Poeta helduaren autorretratua

Idazlea: Josu Goikoetxea. Argitaletxea: Elkar.

PERU IPARRAGIRRE
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Lehen poema bilduma argitaratu du, paperean, Josu Goikoetxeak. Paperean argitaratu duen lehen poema bilduma dela diot, lehendik ere bere blogean poema saldotxoa argitaratu baitu, irakurleei tantaka emanez. Orain dela bi hamarkada pasa Lubaki Bandak edukiz betetako Susa aldizkariaren zenbakietan ere aurki daitezke bere testu batzuk. Lehen poema liburua du Goikoetxeak, beraz, Zer luzea negu hau. Hala izanik ere, eskarmentatua dator poeta lehen liburu honetan.

Epigrafe gisa jarritako Leonard Cohenen hitzen ostean datorren Poeta gaztea (olioa mihisean) poemak ematen dio hasiera liburuari; orain ia bi hamarkada idatzitako testu horek egile gisa aurkezten du poeta, aspaldi pasea den iragana orainaldian kontatuz, eta lehen zatian mantenduko den estilo deskribatzaileari bide emanez. Datozenekin alderatuta tragikoagoa iruditu zait, bere tragediaz kontziente den poetaren autorretratu. Gogoeta hauxe egiten du leihoko begiraleak Mise en scène poeman: «Polita da eszena / ala gupida estetiko batek apaindutako / koadro zatar bat besterik ez da?».

Lehen zatiko estilo narratibo-deskribatzaileari naifa iritzi diot batzuetan, xaloa, nahiz eta ez horregatik ezaxola. Lehenetik aurrera, poetaren begirada helduagoa dela iruditu zait eta poeta helduaren autorretratua egiten duela liburu laburrean zehar. Ageriko sinpletasun horretatik ari da poeta munduari begira, dago poeta munduan, da poeta munduaren zati.

Bigarren atalean, lau laukok hausten dute liburuak dakarren tonua, formatuak behartzen duen eta Goikoetxeak bikain erdietsitako nolabaiteko lirismo dotoreak intermezzo atsegin bilakatzen ditu testuok.

Intermezzo liriko neurtuaren ostean ordura arte gutxitan agertu den lehen pertsona dator indarrez: «Hau guztia katastrofea da. / Azkenean ez dugu ekaitzera moldatzen jakin». Lehen atalean munduaren begirale izan dena bere buruaren begirale bilakatzen da, izan dituen harremanei buruz ari da, dituen harremanei buruz, eta irudiz jantzitako poetaren barne mundua kanpokoarekin nola komunikatzen den antzeman daiteke. Poetika propio bat garatzen du Goikoetxeak, oso bere baitakoa, baina irakurleari ulertzen duela uste izaten uzten diona. Egunerokotasunaren erretratuaren zatiak dira, eszena poetikoak, poetaren estetika gupidagabearen galbahetik emanak.

Bigarren intermezzo gisa ikus daiteke Aitaren berokia atala, poemotan jotzen du goia liburuak, datozen poemei bidea zabaltzearekin bat: «Bitartean,/ kaleetan zehar noa./ Bilbo handia da/ eta urrun dauka muga».

Hurrengo atalean, dolua eta negu luzea esperantza izpiekin nahasten dira. Bila dabiltzanak, horiexek ditu protagonista, nahiz eta poeta galdu beldurrez ageri den, galdu duenaren oroitzapena, galdu dezakeenaren presentzia eta galdu behar duenaren kontzientzia ditu negu luzean lagun.

Azken atala ere bi poemek osatzen dute: alegoria eta asmakizun banarekin amaitzen da bilduma. Alegoria, poetaren kezken erantzuna datekeen eszena batean laburtzen da: Mungiarako bidean topatzen dituen hiru astoen jabearen begiradak ematen dio lasaitasuna munduak sortzen dion ezinegonaren aurrean. Galdera klasiko batek ixten du liburua: noiz eman zerbait amaitutzat. Bildumaz ari dela iruditu zait, noiz utzi poeta helduaren autorretratua margotzeari, hori galdetzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.