'Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak—'

Poeta eta maitasuna

Idazlea: Angel Erro. Argitaletxea: Erein.

Irati Majuelo.
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ia bi hamarkadaz poesiarik argitaratu gabe egon ostean, Angel Erro idazle eta zutabegileak Poema liburu bat atera berri du Blas de Otero-Angela Figuera poesia lehiaketaren karira. Azken liburutik hona igarotako urteak aipatzen ditut berariaz, garaiok ezaugarritzen dituzten abiadari zein idatzi-ahala-publikatu joerari izkin eginez, denborak eta patxadak ondutako lerroak biltzen dituelako lan honek, eta nabari da.

Izenburuari arreta jarrita (Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak—), irudi luke jarraibide-orri bat dela liburu honetan aurkituko dena, baina irakurtzerakoan egin beharreko urratsak edota aintzat hartu beharreko irakaspenak izendatzetik urrun, beste zerbait da Errok lortzen duena. Irakurlearekin elkarrizketan ari da idazlea, zenbaitetan «poeten bekatu nekagarria» den bigarren pertsona singularra erabilita, edo bestela ere, gizaki ororen egunerokotasunean azaleratzen diren oinazea, maitasuna, beldurra, desira hitzetara ekarriz.

Maitasuna da, ziur aski, poemotan gailentzen den gaia, adiera zabalean. Izan maitearekikoa, amarekikoa, poesiarekikoa, izan maitemin, edertasun, oroitzapen forman. Gaiaren bueltan, badira zenbait pertsonaia bilduma osoan zehar errepikatzen direnak, eta horiek dira Poeta (eta Maitea), Ama eta Poesia. Horien bidez maitasunaren geruzak agerian geratu eta beste emozio, eszenatoki, pertsonekin gurutzatzen dira. Poetak edertasuna dakar, jolasa, ziurtasunik gabeko etorkizuna, orainean datzan maitasuna. Amari eskainitako poemek, berriz, sufrimendua eransten diote maitasunaren paisaiari, objektu pertsonalek kapsulatzen dituzten memoriak, bestearen hutsunearen formak, heriotzaren presentzia. Bereziki ederrak dira amarekin eta haren (oroi)minarekin sortzen dituen elkarrizketak. Azkenik, literaturari dagozkion lerro asko biltzen ditu liburuak, idazketaren porrot aurreikusia edota irakurketaren plazera ematen dutenak aditzera, maitasun konpartitu bat sortuz idazlearen eta irakurlearen artean, eta betiere gogoratuz «poesia arimaren ariketa ere badela / ez ahanzteko, errepika, erritmoa, erritua».

Ez du akaso ildo nagusi bakar bat, ez du egitura itxi bat ere, mesanotxean eduki eta aldizka poema bat irakurtzeko liburua izan daiteke, edota arratsalde batez hasieratik amaierara jarraitzekoa. Berdin estiloarekin, tonu bereizia gordetzen du poema bakoitzak, lanketa desberdin bat. Hala ere, poetaren ahots garden eta umilak, ongi neurturiko hitz eta irudiek, melankoliak eta umore puntuek ematen diote batasuna, ez dago poemarik lekuz kanpo. Azken finean, irakurketara erraz egiten den poesia da Errorena, esanahi ezkuturik edota hizkuntzaren estutze bortxaturik gabea, baina barnean lirikaren ahalmena eta literariotasunaren muin ezinbestekoa biltzen dituena. Zailena egin du, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.