Egilea: Jesus Maria Olaizola 'Txiliku'.
Marrazkiak: Jose Belmonte Rocandio.
Argitaletxea: Elkar.
Tradizioaren barruan Bestiarium vocabulum deitu izan zaio piztiarioari, hots, piztien bildumari. Horietan, deskribapen fisikoaz haraindi, kreaturen ohitura eta izaera dira aipagai, izan piztiak benetako, irudimenezko, zein hibrido. Txilikuren zaletasunen artean genuen, jada, piztienganako jaidura hori, 2009. urtean Juan Luis Baroja Collet artistaren grabatuekin batera osatu baitzuen egile zarauztarrak lehen piztiario bat. Handik ekarri ditu ale berri honetara fikziozko kreaturak, nahiz oraingoan alegiazkoen ondoan benetako piztiak ere paratu. Bi zerrenda ditu, hain justu, liburuak. Irudimenezko izakien zerrenda eta benetakoena, izan ere, autoreari aurrekoek adina irrika sortzen diote bigarrenek. Lagun ekarri ditu, gainera, Jose Belmonte Rocandioren marrazkiak eta mundu honetako piztien argazkiak, Interneteko orrialdeen loturez gainera, irakurlearen entretenigarri. Naturako izakien ezagutzak aniztasun kontzeptua barneratzen lagundu izan dit, beharbada, ideia uniforme eta zingiratuak astintzen laguntzen duelako bertako aberastasunak, eta, azken buruan, aniztasun horrekin gizakionganako begirada itzulikatzeko aukera dugulako. Gizakiok animalia benetakoak zein asmatutakoak deskribatzen baditugu, zein da interesa ez bada gure jakintza eremutik haiek sailkatu eta harrapatzea? Alegia, gure marka inprimatzea? Piztiek erakartzen gaituzte gizatiarretik dutenagatik, edo hobe, gizatiartasuna atxikitzen diegunetik. Elizak eta predikari moralek piztiarioetako adibideak baliatu izan dituzte lezio moralak emateko, haien ekintzei atxiki usteen bidez. Ez dira bakarrak. Denok uzten ditugu gure ideia fosilak.
Egileak kreaturen gainean pilatu duen jakintza xehe eta argi dakarkigu. Ikasiz entreteni gaitezkeelako ideia eskolakoa oroitarazi dit irakurketak, Natur Zientzien ikasgaia, ez gutxitan, ikertzearen pasioaz gain irakastearena transmititzen duelako, apika. Biologia, anatomia, soziologia, biografia, historia nahasten dituzten testu hibridoetan barrena goaz bidaian itsas azpira, zeru zabalera, mende batetik bestera, kontinentetik kontinentera, mitologiatik mitologiara. Jakintza hau, alabaina, ez dator (ezta halakorik bilatu ere, nik uste) ustezko objektibotasun premisetatik. Zientziaren aurkikuntzek planteatu izan dituzten dilematan posizionatzen daegilea, Darwinismoaz eta Kreazionismoaz, zientziaren merkantilizazioaz, edo enpresen patente grinaz. Gero, jakintzaren ondoren, dator iritzia. Aspaldiko piztiarioetan ondorio moralak emateko ohitura baldin bazen, eta, Txilikuk dioskunez, berak joera hori ekidin nahi izanagatik ere, hainbat kasutan ezin du. Baiki. Irakaspena azpimarratzea tentazio du ni-ak. Beraz, egilearen iritzia dugu ezagupen; zer iritzi du kontrazepzioaz, zer ugalketaz, zer harreman sozial zein intimoez. Egia bada gizakiek garai bakoitzean begi ezberdinekin egin diotela so piztiei, ez da egia txikiagoa garai bereko biren arteko begiradaren aldea. Egilearen interpretazio hainbatekin ez naiz ados egon, eta egileari kontra eginez jardun naiz, kontrakotasun adiskidetsuan edo ikuspuntu deman, nahi bada, nire begiek askotan hark ikusitakoa ezin ikusirik, edo ni neroni aieruetan erabat urrundurik. Ezezagunaren eremuak (piztiez ez dakigunak) duen erakargarritasun behinena hutsuneak gure printzipio moral, balio, utopia eta bestelako detrituz betetzen ditugula da, eta, noski, ezin bik bat bera ikus. Errealak diren piztiek gogobete naute gehien disputa entretenigarri horretan, eta, ikasi ere, haietaz ikasi dut gehien. Nolanahi dela, nago izaki mitologikoak eta benetakoak nahasten amaituko dudala gogoan, kariñoa edo higuina, beldurra edo kitzikapena eragiten didaten munstroen eitea nahastuz, eta, nork daki, irudimenean piztia hibrido berriak ahalbidetuz.
Literatura. 'PIZTIARIOAK'
Piztiaren xarma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu