KRITIKA. Artea

Pinturaren logika berriak

Taxio Ardanazen Saja erakusketako margolan batzuk, Iruñeko Apaindu arte espazioan. APAINDU ARTE GALERIA.
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun

Taxio Ardanaz. 'Saja'

Non: Apaindu arte galerian, Iruñean. Noiz arte: Apirilaren 29ra arte.

Pintura abstraktuaren plastikotasunak gauzak igortzen dizkigu askotan; nahiz eta haien jatorria zein den ez ezagutu, hor daude pintzelkaden bitartez igortzen diren sentipenak. Hausnarketa honek ez du abstrakzio prozesu guztiekin bat egiten, baina bada Taxio Ardanazek Iruñeko Apaindu espazioan aurkeztutako erakusketaren ondorio gordina.

Saja titulupean, Ardanazek 2019. urtean Erroman egindako egonaldi artistikoaren ondorio dira bertan aurkezten zaizkigun pinturak. Tituluak berak erreferentzia zuzena egiten die aretoan bildutako margolanei, nolabait ere mozketa bortitz bati egiten baitio men. Eta hori baita erakusketa espazioaren leihora gerturatzen garen momentuan bertan ikus dezakeguna.

Erakusketa espazioa txikia da, baina haren nortasunak guztiz egiten du bat Saja konposatzen duten piezekin. Erakusketa bi espaziotan egituratzen da. Bietatik zabalenean eskala handiko pinturak aurkezten dira, horman egindako muralekin uztartzen direnak. Beste espazioa ezkutuan dago nolabait, gunearen burdinazko ate mardularen atzealdean. Esan bezala, euskarria pintura da, baina ez da mihiseetara mugatzen, eta, horrela, pintura kanonikoaren logikak urratzen dira.

Artelanen kokapenak dagoeneko urratze horren aztarnetara gerturatzen gaitu. Izan ere, ez dago simetriarik edota erritmo orekatuak sortzeko inolako intentziorik. Kontrara, bat-batekotasunean oinarritutako sentipenak azaleratzeko asmoz, erritmoak eragiteko nahiak igortzen dira.

Lehenengo espazioan barneratzean, ingurua zatitzen duen murru zurian gainjartzen diren pinturak topatuko ditugu. Bata bestearen gainean zuzen-zuzenean murruan esekita, nolabaiteko puzzle bat izango balitz bezala. Koloreen dirdirak kontrastea sortzen du euren artean. Piezarik handienak suaren mugimenduak helarazten ditu, pintzelkada lodiz eginak, eta begiekin uki dezakegula sentitzen dugu momentu batez. Haren azpian, berriz, pintura horren bortizkeria baretzen digun konposizioa ageri da, urdina eta zuria, esprai pinturaz egina izatearen inpresioa dakarkiguna. Lasaia, fina, malgua...

Bada, kontrasteak kontraste, eta koadroen kokapen zurrunarekin hautsiz, puzzle honen azken pieza dugu. Goi-goian kokatua, ia sabaiaren parean. Pinturarik txikiena da, eta erritmoa bizkortzen du, espazioari bertikaltasuna emanez.

Alabaina, lehenengo espazio horretan aurkitu dezakegun piezarik deigarriena puzzlearen pareko adreiluzko murruan eskegitako mihise txiki-txikia da. Murru zabalean ezarritako pieza bakarra da, eta, ondorioz, bertaratzera behartzen gaitu: koloreak, pintzelkadak, irudiak... horiek ulertu, ikertu eta dastatu ahal izateko.

Halatan, konposizioen eraldatzea gertatzen da bigarren espazio estura gerturatzen garen momentuan. Izan ere, bertan uler edo lot ditzakegun zeinuak daude. Artistak Erromako egonaldian landutako piezak dira horiek; 1920ko eta 1930eko hamarkadetako abangoardiak eta garai hartako propaganda faxisten inguruko ikerketa landu zuen han.

Ildo horretan, guztiz harrapatzen gaitu espazioaren hondoan dagoen pinturak, zeina sabaitik gertuago dagoen lurretik baino. Zera jartzen baitu bertan: Inoiz ez bezala. Ponpeiako aztarnategietatik ateratako gorpuen irudiak agertzen dira, eta, nolabait, Mussolinik indartutako indusketa prozesuarekiko lotura aurkezten du, zeinak irudiok bihurtu zituen bere aldarrikapenen ikur.

Pintzelkadek ezkutuko mezuak igortzen dizkigute, zeinak begiekin ikertu ahala deszifratzen, ulertzen eta dastatzen ditugun. Poliki-poliki, bat-batekotasunaren osteak dakarren zentzumenen baretzearekin batera, hausnartze prozesuarekin egiten dugu bat. Eta, azkenean, igorritako sentsazioa inguruan aplikatu dezakegun pentsamendu bihurtzen da. Hori da erakusketa atzean uztean bereganatuko dugun sentsazioa. Prozesu bortitza eta erakargarria aldi berean; zuzena eta arrotza; gazia eta gozoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.