'Espazioaren barrea (Gernika)'
Artista: Jose Ramon Amondarain. Non: Donostiako San Telmo museoan.Noiz arte: Otsailaren 25era arte.Iaz bete ziren 80 urte 1937. urtean Pablo Picasso artistak artearen historiako ikonoetako bat bilakatu den Gernika pintura sortu zuenetik. Hori dela eta, Donostian ikusi ahal izateko berreskuratu nahi izan zuen San Telmo museoak Jose Ramon Amondarainek (Dosnotia, 1964) Artium museoan duela bost urte aurkeztu zuen Denbora eta premia erakusketa, baina azken proiektu honen inguruan Picassoren familiarekin sortutako arazo legalen ondorioz, erakusketa haren jarraipen bat garatzea erabaki zuten: Espazioaren barrea (Gernika).
Malagako artistak pintura ezaguna sortzeko behar izan zituen 33 egunetan Dora Maarrek eginiko zortzi argazkietan oinarritzen zen duela bost urte Gasteizen aurkeztu zen erakusketa. Argazki erreportajehorren bitartez, Amondarainek Gernika-ren sormen prozesuaren ikerketa bat planteatzen zuen. Lehenengo zazpi argazkien bitartez, Gernika-ren bidean sortuz joan ziren aurreko zazpi Gernika-k zeuden, eta zortzigarrenak aurkezten zuen azken bertsioa. Amondarainek bide hau berregin zuen, prozesu honetako zortzi estadioak piktorikoki birsortuz.
Baina proiektu honen emaitzarekin legea eta artea nahastu dira, Picassoren familiak eragotzi egin baitu Artiumen erakutsi ziren lanak San Telmo museoan aurkeztea, jabetza intelektualaren legea dela eta. Artista espainiarraren familiak ez du sormen prozesurik ikusten Amondarainen proiektuan, eta zortzi lan horiek erreprodukzio hutsak direla defenditzen du, haien erakusketa publikoa galaraziz. Eta horregatik hasten da erakusketaren ibilbidea egurrezko kaxetan gordeta dauden dimentsio handiko zortzi oihalekin. Erakusketa gunearen ateetatik kanpo daude kokaturik zortzi kaxa horiek; haiek dira ibilbidean ikus ditzakegun lehen artelanak, eta haiek dira lan berriei pausoa ematen dietenak.
Behin erakusketa guneko ateak zeharkatu ondoren, prozesuak pauso bat gehiago eman duela konturatzen gara: apurtuz doa aurreko erakusketari suposatzen zitzaion alderdi analitikoa, eta figurazioa eta abstrakzioa nahasten dituen irakurketa baterantz doa, irudi originalaren memorian sortzen den fikzioa zabalduz. Horrela, Gernika-tik abiatzen den ibilbide bat sortzen doa erakusketan, baina noski, originala alde batera utziz. Donostiako museoan aldi baterako erakusketetarako erabiltzen diren bi aretoak hartzen dituzte lanek, eta Espazioaren barrea izenburupean aurkezten diren dimentsio handiko lau pinturek osatzen dute multzoaren muina. Horiek osatzen dute, nolabait ere, aurreko proiektuarekin lotuta ematen den lehen pausoa. Oihal gaineko olioak dira, originalaren irudia alde batera utzita, Picassoren teknika erreproduzitzen dutenak, eta teknikaren, irudiaren, originalaren eta pertzepzioaren arteko joko bitxi bat sortzen dutenak. Artistaren eraldaketa bat gertatzen da horrela, eta, nolabait ere, Amondarainek Picassorekin bat egin, eta bere prozesu formala berregiten du, era horretan, bere burua bitartekari bilakatuz. Horrela, Gernika edukiz hustuz doa, eta teknika, keinu ala forma soilez osatutako espazio kubista bat sortzen da.
Originalaren hutsuneak bide bitxi bezain zoragarri bat sortzen du, eta elementu hauek berezko espaziotik kanpo salto eginda, elementu autonomo bilakatzen dira.Guztiak dira Gernika, baina Gernika-rik gabe: buztinezko lanak, olio bitartez sortutako objektu zurrunak, apunte eta artistikoki manipulatutako dokumentuen bidez sortutako marrazkien instalazioa, errebelazio teknika tradizionalen bitartez sortutako irudiak, artearen historiako argazki dokumentu ezberdinak berregiten dituzten tenpera hiperrealistak, eta margo eta aluminio bitartez sortutako eskulturak. Amondarainen barrenean zabalduz joan da koadro originala, ala, behintzat, haren irudiaren mitifikazioa, eta sormen prozesu horrek sortu du emaitza pertsonal bezain interesgarri hau.
Eta sokari tiraka, Gernika-k erakutsitako bideari jarraituz, artistak pinturaren inguruko gogoeta bikain bat sortzea lortu du. Askotan esan ohi da pintura teknika zaharkitu bat dela; honekin historian zehar behin eta berriro esperimentatu denez, jada berrikuntzarako tarte edo bide gutxi aurresuposatzen zaiolako. Beste ideia interesgarri bat ere bada krisi garaietan pintura berpizten dela esaten duena: bere oinarri sendoen seinale garbia. Eta hor kokatzen da Amondarainen lana, pinturaren ikono honen memoria kolektibotik zabaltzen den piktorikotasun honetan; ironia puntu interesgarri baten bitartez, eta, irudi batetik abiatuz, pintura, marrazkia, dokumentua, eskultura eta originalaren mugak apurtuz.