Kritika. Artea

Pintorearen zalantzak

Paisaiek leku nabarmena dute erakusketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Alfonso Gortazar

Lekua: Juan Manuel Lumbreras Galeria. Bilbo. Noiz arte: ekainaren 29a arte.

Artiumen 2007an erakusketa handi eta ederra egin ostean, bost urte bere lanak erakutsi barik daramatza Alfonso Gortazarrek (Bilbo, 1955), euskal margogintza garaikidearen erreferente nagusietakoak. Oraingoan ere ez du hutsik egin, eta kolorez blaitu ditu Lumbreras galeriako bi solairuak.

Orotara 30 olio eta collage multzo bat dira, tamaina ertainekoak gehientsuenak, 2007 eta 2012 urteen bitartean eginak denak. Gortazarren lana bizia da oso, alaia, baita ironikoa ere, eta ikonografia propio eta berezia agertzen du, pinturaren —zehazki margogintza figuratiboaren— eta koloreen gorazarrea eginez.

Guztietan egitura bereziko etxeak agertzen ditu, artisten etxebizitza edo estudioak izan daitezkeenak. Objektu eta material arras ezberdinen metaketa gertatzen da —aulki hutsak, ateak, mangerak, eskailerak, pintorearen lan tresnak, jaki hondarrak, orotariko seinaleak...—, kanpadenda, aldamio zein uralitaz osatutako txabola kalamastretan. Horiekin batera paisaiak —berdeak batez ere— dira protagonista, argitsu eta eguzkitsuak ia beti, gau giroko pare bat, eta guztietan modu berezian landutako zeruak, oskarbi eta biziak asko, baita lainotsuak eta uzelaitarrak ere beste zenbait.

Pintzelkada arina darabil Gortazarrek, oso soltea batzuetan, eta detaile ñimiñoak eta pintura orban lodiak konbinatzen ditu, batzuetan lohi beltz handiek egitura figuratiboak estaltzeraino, indar handiz. Koadro bakoitzari sekulako aniztasun eta aberastasun kromatikoa dario, tonu ezberdinen arteko erlazioak —laranja, berde eta urdinak, kasu— modu bikainean konbinatuta. Perspektiba anitz ere baditugu, eta egitura konplexuak taxutzeko gaitasun nabarmena erakusten du pintoreak.

Margolanen edukiei dagokienez, gai serioak ditugu, baina modu ironiko eta jostalari batez tratatuak, eta ukitu trufaria eta surreala darie. Bukatu barik erdibidean geratu diren etxebizitza familia bakarrek — teknika aldetik, agian, erakusketako lan zainduenak— higiezinen krisiari egin diezaiokete erreferentzia. Baina bada erakusketaren atmosfera orokorrean gai zentral bat: artistaren zalantzak. Salbuespenen bat kenduta —estudiora pintura bat erostera doan emakume burgesa zein meloi saltzailea— giza figuren gabeziak ezaugarritzen du Gortazarren produkzioa, baina pintorearen presentzia beti dago iradokita, haren hanka edo besoekin zein lan tresnekin, eta batez ere oihal zuriekin. Kolorez, formaz eta edukiz bete beharreko oihal zuriaren aurrean ideia gabe, zuriz geratzeko beldurrari erreferentzia eginez Artiumen In albis titulupean aurkeztutako lanen ildoari jarraitzen diote, orokorrean, hauek ere.

Koadro zuriak, txabola ezegonkorrak bezalatsu —kasu batean, kutsu rauschenbergiarreko etxola prekario baina duin bat erabat deseginda ageri zaigu—, artistaren beldur eta ziurtasunik ezaren metaforak, koadroaren beraren motibo bihurtzen dira. Artea eta pintura, artistaren sormen gaitasuna, errepresentazio objektuak, bakardadea eta haren testuingurua dira pintorearen gai nagusiak. Alta, ikuskera pesimista barik, funtsean, pintatzearen prozeduraren gorazarrea identifika dezakegu Gortazarren lanean.

Badira elementu misteriotsuak —euskal paisaia berdean kokatu 2001: A Space Odissey filmeko monolitoaren bertsio arrosa dirudiena—, ikusleari eginiko keinuak eta erreferentzia biografikoak zein beste hainbat pintoreren gomutak. Adibidez, paisaia isil eta eguzkitsuan teilatu gabeko etxearen eszenak Hopperren koadro malenkoniatsuak gogorarazten dizkigu.

Bestetik, tamaina handietan oso ondo moldatzen da Gortazar. Kasu honetan bi adibide ditugu. Goiko solairukoa, agian erakusketako izarra, koadro konplexuena da. Hondartzako txosna bat bailitzan, artistak margolariaren erdi-eraikitako favelara gonbidatzen gaitu. Zinez koadro bikaina da, oreka kromatikoa eta formala mantenduz, hainbat hurbilketa modu dituena. Bestetik, behean atentzioa gehien ematen duen lana dago, ezberdina Gortazarren produkzioan. Funtsean, gorriaren milaka ñabardurak aztertzen ditu. Jakiak eta bestelako tresnak —su-itzalgailuak, biolinak, trafiko konoak— biltzen dira erakusleiho erraldoian, eszena berezi bezain erakargarrian. Pinturetan ere ikus daitekeen pop kutsua nabariagoa da collageetan, baina baita ukitu surrealista sotila ere. Pieza txikiak ditugu, akabera finekoak, delikatu bezain bisualki indartsuak.

Muntatzea neurritsua eta orekatua da, egokia oso. Erakusketak espazio arrazoiengatik tamaina nabarmeneko lan gutxi baditu ere, Gortazarren azken produkzioa ondo laburbiltzen du. Pintore bilbotarraren betiko gaiak errepikatzen dira, baina diskurtsoa eta errekurtso piktorikoak agortu beharrean, lortu duen unibertso pertsonal eta estilo helduaren barruan, ildo berri eta hainbat interpretazio ahalbidetzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.