Aurten, sekulako poza hartzen ari naiz hainbat euskal talde eta artistaren diskoekin: Kaskezur, Vulk edo Oso Fan, besteak beste —azken hori osorik entzun ez dudan arren—. Urtea amaitu baino lehen, gainera, disko interesgarri gehiago etorriko dira; esaterako, gaur, Mursegoren 100% Oion lan berria aurkeztuko da.
Getariako Oki Moki bikotearen kasuan, baina, lehenengo lerroan aipatutako poza emozio bihurtu zait Ocean Breez osatzen duten bederatzi kantuak entzun eta gero —diskoa kasetean baino ez dute argitaratu, propio abiatutako Paulinni Records markapean—, bertan jasotako melodia hauskor eta burrunbatsuek nire melodia-gose aseezina baretzea lortu baitute, lehenengo entzunaldian.
Lanean ari nintzela egin dute topo Oki Moki taldearekin; iragan asteburuan Zarauzko Putzuzulo gaztetxean egindako MFFSST! musika errebolta feminista jaialdiaren inguruko berria egiten ari nintzela, hain justu, bikote gipuzkoarrak bertan parte hartu baitzuen. Hala, taldearen bandcamp gunean sartu eta sorpresa itzela hartu nuen diskoa irekitzen duen Old To Punk doinua entzuterakoan: pop zaratatsua, gitarra zikinak, indie koruak, kalitate baxuko soinua eta garage-punk kutsuko urgentzia antzeman nituen, baina atzera gehiegi begiratu gabe, garaikide eta lotsagabe; lagun batek Dead Ghost taldearekin lotu ditu. Bigarren kantua entzuterakoan, harridurak bere horretan jarraitu zuen: Ciudad Podrida baxu kiriotsu batekin hasten da, gitarra sotilak lagunduta, eta gero punk ahotsak entzuten dira, Donosti Soundeko Aventuras De Kirlian taldeak Hüsker Düren bertsioak egingo balitu bezala. Uztarketa hibrido eta inkoherente hori areagotu egin zitzaidan seigarren kantuan, Recorriendo La Ciudad kantuan; nire kutuna.
Bikoteak, gainera, lantzean behin, punk jarrera gordinagoa ere agertzen du, Nothing To Do doinuan, kasurako. Eta diskoaren azalari erreparatzean, Arrotzak punk taldearekin lotu nuen, antzeko estetika duen diseinuarekin jantzitako kasete ikaragarria plazaratu baitzuen 2016an—gogoratu iazko euskal disko onenen zerrenda kokatu nuela—. Horretaz gainera, Oki Mokiren klip ikusgarrietako batean, Gorill Angreb punk talde suediarraren LP bat ere ageri da, arretaz begiratuz gero. Arrasto horiek aintzat hartuz, azkenik jakin nuen Arrotzakeko eta Oki Mokiko gitarra-jotzailea bera direla.
Halere, Arrotzaken oihartzunak detektatzeko, entzuleak belarri asko findu beharko du, grabazioan pop giroak nagusitzen baitira, batzuetan izpi psikodelikoekin argituak, Picnic On My Bed-en adibidez; beste batzuetan, berriz, garage-punk energiarekin lohituak: Johanna's dog. Taldearen bideo zoragarrietan ere antzera gertatzen da, batzuk eguzkipean jasoak dira, beste batzuk, ostera, hiriaren porlan hotzean filmatu dira, mahai-zapia eta janari-saskia etxe orratzen artean zabalduko bazenitu bezala.
Oki Moki 'Ocean Breez'
Piknik hiritarra
Diskoetxea: Paulinni Records.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu