Maria Bayo
Piano jotzailea: Ruben Fernandez Agirre. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Apirilak 22.Zientzia, Arte eta Letren Akademia den Jakiunde kultur sustapenean iaioa da, hara hor Donostia 2016 proiektuarekin batera bultzatu duen hitzaldi, mintegi eta eztabaida jardunaldi hau. Musikaren irakaskuntzaren etorkizuneko erronka zailaren inguruan ospe handiko gonbidatuak izan ditugu Maria Bayo sopranoa eta, entzundakoaren ostean, Ruben Fernandez Agirre pianista gerturatzeagatik. Hiriburutza, kultura, Europa eta mila osagaiz beteriko urte luze honetan gure artean hain barneratuta eta indartuta dagoen musika klasikoak loraldi eskaseko izate ñimiño bat bizi zuen San Telmo Museoan.
Itxaropen handiko aurreiritzia nuen Ruben Fernandez Agirre pianistaren inguruan, eta zuzeneko bizipenean susmoak ederki asko egiaztatu ziren. Nahiz eta Maria Bayo izen handiko eta ibilbide luzeko kantaria izan, pianoak guztiz irentsi egin zuen sopranoa. Ez soinu burrunban, ezta gutxiagorik ere, eskainitako kalitate preziatuan baizik. Pianotik hasi ziren esaldi bakoitzaren hegaldiak, jarraian soprano nafarrak adoretsu eta gogo handiz ekingo zituenak. Pianotik hasi zen egiazko musika, margolan baten lehen kolore aztarna. Piano bat kantari, piano bat xuxurlari, piano bat musikari eta musika hari. Hasieran abesti frantziar batzuk, goibelak, harmonian mugikorrak, intentsu jorratu behar diren Pauline Viardoten Les filles de Cadix eta André Messagerren J'ai deux amants. Geroxeago erosotasunean landu ziren Anton Garcia Abrilen Maitasun Kantak eta Ernani Braga brasildarraren swing melodiak. Maria Bayok, ohiko dituen sorginkeriaz beteriko esku mugimenduekin eta agertokian sutsu ageriz, afinazio eta esaldikapenen nondik norako ezbaikoak nolabait ere ezkutatu zituen, pianotik zetorren ur korrontean zauririk gabe babesteko.
San Telmo museoa ez da kantu eta piano errezitaldi bat entzuteko parajerik aproposena, musika notak pilatu egiten baitziren, ulermena belztu arte. Abiadura handiko piezak izan ziren kaltetsuenak, hitz jarioa adigaitz izanik. Kultur hiriburutzak musika mota bakoitza berezko egoitzan kokatu beharko luke, artisten lehengai estimatuak nabarmentzekotan. Eskerrak piano kantariari.