KRITIKA. Donostiako 54. Jazzaldia

Pianissimo

Diana Krall pianista eta haren taldekideak, kontzertuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

Houston Person Trio eta Diana Krall



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: uztailak 27.

Italieratik datorren hitza dugu pianissimo, eta, musikaren hizkuntzan, oso leun esan nahi du. Personen kontzertua halakoa izan da, erabat leuna, erabat pianissimo.

Aspaldian entzun dugun jazz klasikoko kontzerturik dotoreena izan da Personek eta haren bi lagunek emandakoa. Standard ugari jo dituzte, gehienak abeslari mitikoek ezagunak egindakoak; Sinatraren eta Bing Crosbyren ahotik ezagunak egin direnak, esate baterako. Dena, garai batekoa; kontuan izan behar da 84 urte dituela Personek, eta ibilbide luzea duela: 75 disko baino gehiago, solista gisa. Saxoarekin oraindik akatsik gabe moldatzen dela erakutsi du. Askotan amestu izan dugun saxo klasiko eder, patxadatsu eta sentsuala entzuteko parada izan dugu. Horretarako aukera eman digu Person bikainak.

Organoarekin jardun da Ben Paterson; goi mailakoa da hura ere. Oinarri harmonikoa aise eskaini du, eta gustu handia erakutsi du soloetan. Willie Jones III.a bateriarekin bikain aritu da: solo ederrak eta erritmo konplexuak erraz jotzeko trebezia duela erakutsi du. Zer gehiago esan nezake! Benetako goi maila Person jaunaren hirukotearena!

Diana Krall izan da gaueko beste protagonista. Musikari familia batean hazitakoa da Krall. Soila da bere musika egiteko orduan, musikari helduko balio bezala. Ez da lehertzen diren horietakoa, ez abesterakoan, ezta pianoa jotzerakoan ere. Musikari ematen dio protagonismoa; askok eta askok diva bat bezala ikusten badute ere, ez ditu horretarako estereotipoak betetzen. Hori bai, milioika disko saltzen ditu. Donostian ikusi dugu, dotore, serio, neurtua, zehatza. Nonbait, Krallek ez dio inolako iraultzarik eskatzen musikari: kutsu klasikoa dute haren abestiek, eta hortik etorriko da agian haren arrakasta. Laguntzen dioten musikari bikainak, ordea, ez dira horren klasikoak: Joe Lovano saxoarekin neurtuta ere aritu daitekeen horietakoa dugu, baina sarritan ikusi dugu Jazzaldian, eta ondotxo ezagutzen ditugu haren proiektu ausartak. Zer esanik ez dago azken orduan agertokira igo den Marc Ribot gitarrista handiari buruz. John Zornekin jotzera etorri da Donostiara, eta askotan lagundu dio Dianari, baita haren senar Elvis Costellori ere, eta Tom Waits mitikoari ere bai, beste askoren artean. Ribot ere abangoardian eta ausardian ibilbide luzea duen musikaria dugu; hala erakutsi izan du gurekin Jazzaldian izan dugun aldietan. Krallen kontzertuari indarra eta interesa piztu diote musikari bikain horiek: hor izan ditugu behar izaten diren gatza eta piperra. Bikainak musikariak, bikainak soloak. Robert Hurst ere bai, kontrabaxuarekin, eta Riggins jauna, bateriarekin, ondo baino hobeto.

Kontzertu hau ere pianissimo eran jo dute, dotore, lasai, eder, eta guk, entzuleok, oso gutxitan gozatu dugu Trinitate plazan kontzertuan egon den isiltasunarekin; arraroa ere izan da plaza inguruan zaratarik ez sumatzea. Ez dakit zeinen meritua izan den, baina nire eskerrik beroenak kalitatezko isiltasuna lortzeko lagun izan zareten guztioi. Pianissimo, jaun-andreok, pianissimo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.