KRITIKA. Antzerkia

Pertsonaien ehiztariak

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Agus Perez.
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun

'Alderray'

Konpainia: Tartean. Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Jokin Oregi, Patxo Telleria. Soinua: Adrian Garcia de los Ojos. Eszenografia eta gauzakiak: Pedro Rojo. Argiak: David Rodriguez. Jantziak: Betitxe Saitua. Antzezleak: Mikel Martinez, Sandra Fernandez Agirre.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 9.

Bilboko hainbat euskaltzaleren presentziarekin estreinatu da Arriaga antzokian Alderray antzezlana. Patxo Telleriak idatzi du testua, eta zuzendaritzan bera eta Jokin Oregi egon dira.

Alderrai dabilen gizon zahartua eta mingostua dugu Alderray (Mikel Martinez), baina haren alboan Morroi izeneko neska gazte bat izango du beti (Sandra Fernandez Agirre), Tormesko itsumutil garaikidearen rolean, esan genezake. Izan ere, nolabaiteko paralelismoa ezarri daiteke oraingo bikotearen eta orduko eleberrikoaren artean, azken finean nobela hark bi arketipo sortu zituelako, baina oraingo honetan ez da testu hartako gordinkeria ustez graziosorik izan. Agurea zaharra da besterik ez, ez itsua, eta alboan duen neska ez da umetxo bat, pertsona zentzuduna baizik.

Jendeari istorioak kontatuz ateratzen dute bizimodua eta, zaharra jada nekatuta dagoenez, kide gazteari erakutsiko dizkio ofizioaren sekretuak. Horrek parada emango die ikusleok kaleko jendetzat hartzeko, eta emanaldian zehar pertsonaia arraroen istorioak aletzen ibiliko dira, haien artean tartekatuz Alderrayk Morroiri kontu-kontalari ona izateko behar dituen aholkuak. Pertsonaien izaera da narrazio bakoitzeko interesgune nagusia, Telleriak ezaugarri kontraesankorrak eman dizkielako haietariko askori, eta ikusleek azkenean jakingo dute istorioek amaiera komun batera daramatela eta pertsonaiak ehizatzen ibili den bikotea ez dagoela salbu beraien kontakizunetatik.

Eremu eszeniko eskematiko batean gertatu da guztia, antzezleak lerro bertikal, horizontal eta diagonalez inguratuta zeudela, beren alegien amaraunean preso baleude bezala, eta egiturak aldi berean irudikatu ditu edozein hiritako paisaia eta Alderrayren ezkutalekua. Bien jantzien diseinuak —beltza, grisa eta gorria konbinatuta— egoera distopiko batera bideratu gaitu eta argien aldaketa leunek kontakizunen eta ustezko errealitatearen arteko aldaketak markatu dituzte.

Bi antzezleek segurtasun handiz jardun dute emanaldian zehar: Martinez gozatuz bere pertsonaia aberasgarriaren rolean eta Fernandez Agirre dinamiko, bere adinari dagokion kemenak bultzatuta. Azkenik, musikaren egitekoa aipatu behar dugu, Adrian Garcia de los Ojosen soinu banda —pasarte klasiko askorekin osatua— ezin hobeto egokitu delako kontagaien inflexioetara eta oso lagungarria izan delako narrazioen segidari emozioa gehitzeko eta koloretasuna emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.