KRITIKA. Performancea

Pertsonaia eta pertsona

Agus Perez.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun

'Zauri Bolodia'

Konpainia: Metrokoadroka. Sortzaileak eta interpreteak: Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Jabi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Oier Guillan, Asier Sarasola. Lekua: Bilboko Dantzertiko auditoriuma. Eguna: Apirilak 5.

Pertsonaiaren atzeko pertsona irudikatzen du Zauri Bolodiaren figurak. Nahita erabili dut termino hori, jakitun izanik izen bereko liburuak antzerkiaren arloko auzi eternaletariko bati ekin ziola, hau da, pertsonaiaren, aktorearen eta pertsonaren artean sortzen eta ezartzen diren harreman ia metafisikoari, eta egileak ezin izan zuela ebatzi edo guztiz deslotu hiruren arteko korapilo existentziala. Jakina, ez zen hori Zauri Bolodia-ren xedea, esandako kontuetatik tiraka aritzea baizik, eta Oier Guillanek liburuaren aurkezpenean deklaratu zuenez, berak «idazle-masajista» ikusten zuen bere burua, mina dagoen lekuetan hatzak sartzen zituelako.

Dantzerti eskolak egunotan antolatu dituen Arrakala jardunaldietan plazaratu du Metrokoadroka kolektiboak Zauri Bolodia izeneko performancea, site specific formatuan eta etekin bikaina ateraz bertako auditoriumeko gune eta inguruetako txoko guztiei. Guillanek berak bete ditu gidari lanak, lehen aurkezpena eginez, ikusleak leku batetik bestera gidatuz, geldialdi batzuetan Zauri Bolodiaren gogoeta filosofikoak gutun eran irakurriz eta ikusleen barreak eraginez maila sublimetik ateraldi lurtarretara egindako jauzi bat-batekoekin.

Bidaia fisikoa izan da, beraz, eta bidaia intelektuala ere bai. Ibilbidea eszenatokian bertan hasi da baretze tarte batekin, Donostiako Tabakaleran dadaismoaren inguruko gogoetan Hugo, non dada Emmy? baliatutako antzeko aulki disposizioarekin eta musika pasarteak zein zatikako adierazpenak era ez hain dadaistan adierazita. Besaulki-patiotik ikusi dugu gero Asier Sarasolaren burua—burua baino ez— emanaldiko testurik sakonenak esanez: hirutan agertu zaigu buru hori, eta hirugarrenean alboko pasabide bateko kristalen atzetik jaso ditugu haren hitzen oihartzun urruna, benetako gaiei heltzeko zailtasuna ezin hobeto irudikatuta.

Idoia Beratarbidek bere irudigile ibilbidean erabilitako klarion eta lapitzen puntekin osatu du gero eta zabalagoa zen bide koloretsua, irudiek besteengan utzitako balizko arrasto iragankorraz hausnartzen zuen bitartean, eta leku batetik besterako bideetan emakume baten figura enigmatikoa Ainhoa Alberdi agertu zaigu. Beste geldiune batean barrutik ikusi dugu kalean zegoen Jabi Barandiaranen pertsonaia, eta bien artean feminizazioaren eta maskulinizazioaren paradigma kontrajarriak eratu dituzte, genero gogoeta subliminalki eraginez.

Idazle-masajistaren ideiari jarraiki, dantza-gelan eman dio Maite Aizpuruak masaje terapeutiko sakona Ainhoa Alberdiri, haiek biak pertsonaia-roletik ia erabat aldenduta, eta Bolodiaren gutunaren azken zatia entzun ostean, ekintza kolektibo eta gozagarri batekin amaitu da proposamena, ikusleak eta antzezleak berriz ere pertsona arrunt bihurtuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.