KRITIKA. Musika

Pelikulazko sinfonia

Arkaitz Mendoza.
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Jose Miguel Perez-Sierra. Non: Kursaaleko auditoriumean. Noiz: apirilaren 27an.

Angel Illarramendi zarauztarraren musikan beti azaltzen da fantasiazko mundua. Pelikuletako musikak ekoizteko ardura eta gaitasuna du euskal konpositore horrek, erritmo eta instrumentu koloreak intentzio osoz nahasiz. Ez dira egitura zailak; bakuntasunetik irteten da bere aditzondoa. Ez du teknikaren birtuosismoan sakontasun izpirik aurrera eramaten, musika zuzen tratatzen baitu, entzulearen belarrira, asmatutakoari goxoki baten azken lazoa eginez, harmonia arrotzak beste baterako utziz. Illarramendi klasiko bat dugu, iraultzaile izan gabe arrakasta lortu duen musikaria. Pelikulen soinu bandak apaintzen trebe, baina sinfoniak egiten ere solte; horra hor aurkeztutako bederatzigarrena.

Jose Miguel Perez-Sierra zuzendaria zortziko erritmo zanpatzailean diharduen sinfonian lekuko rola hartu zuen, erritmoa garbi adieraziz, efekturen bat edo beste nabarmenduz eta musikarien grinari askatasuna emanez, protagonista beraiek izan zitezen. Haize egurra ez da isiltzen obra honetan, beraiek daramate kantu zelula orkestraren zoko guztietara. Perkusio jotzaileren bat edo beste aurrezteko, tinbal jotzaileak triangeluaren esanak bere egin zituen; badakizue: poltsikoa zaindu behar garai hauetan…Sinfonia gustagarria; altxor bereziren bat entzutera joan zirenentzat, ustelkeria galanta; ezer espero ez zutenentzat, itxura politeko musika jolasgarria. Efektua lortu zuen zarauztarrak!

Txekiarren arima puztu eta husten duen musika oparitu digu Anton Dvorakek. Bere Zazpigarren sinfonia-n, Perez-Sierra musikariak gogoz astindu zituen, erromantiko eta sutsu hitzei irakite puntua lehertu arte. Lan oso serioa entzundakoa, zuzendari gazte indartsu bat orkestrak gogoz hartu duen partitura baten aurrean; binomio ikaragarri ona! Tronpa bakarlaria eta tronboi hirukotearen gau beltzak ahazten dituen interpretazio eder horietako bat eskaini zigun orkestrak, eztanda gehiegi batzuetan baina gaurkoan filmen soinu bandak izar genituenez, baimena zabal luza genezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.