Perfil profesional markatua da Beatriz Chivite Ezkietarena: urteak eman ditu sorlekutik kanpora, hainbat hizkuntza dakizki, eta filologia txinatarra ikasia da. Azken datu hori ez da badaezpadakoa, Pekineko kea baita hizketagai dugun liburua. Egileak berak esana da, bestalde, bere buruarekin euskaraz aritzeko beharra izan dela, neurri batean behintzat, poesia idaztera bultza izan duena.
Hainbat poesia sari irabazia da Chivite, hala nola Ernestina Champourcin, Metro-rekin (2014), edo Blas de Otero (2016), oraindik argitaratu ez den Biennale izenekoarekin. Pekineko kea-k Iruñeko poesia lehiaketa irabazi zuen 2012an, baina, kuriosoa den arren, orain gutxi argitaratu du Pamiela etxeak.
Metro-k eta Pekineko kea-k, aski ezberdinak izanik ere, zenbait antzekotasun tematiko eta poetiko dauzkate, hala nola identitatearen eraikuntza eta oreka bilaketa, instanteen inportantzia, harremanen galkortasuna eta bidaiatzea; eta formalki ere badaukate antzekotasunik, bereziki laburtasunean, konkrezioan eta plastizitatean. Edonola ere, Metro-ko behatzailea europar bat da XXI. mendeko Europan, eta idazlearen tenpoa eta gainerakoena berbera da. Aldiz, Pekinen, idazlearen erritmoak askotan egiten du talka inguratzen dutenenarekin.
Pekineko kea-k oharren koaderno tankera dauka, egilea kaleetan paseatzen eta ohar xumeak hartzen balebil bezala. Ongi islatzen dute hori hiriko eszena ezberdinak jasotzen dituzten poemek, adibidez, Lehen begirada-k edo aldakuntzei buruzko Festa-k. Ziutatearen girotik edaten du poetak, ikusten duen mundua eta bere barnekoa ezkonduz. Funtsean, ez daude hain urrun poeta erromantikoaren eta postmodernoaren jarrera poetikoak: hark naturan islatzen bazituen sentimenduak, honek eraikinen artean egiten du. Alde horretatik, giroa ez dago Sophia Coppolaren Lost in translation bezalako lanetatik urruti, niaren eta hiriaren, jendetzaren eta bakardadearen arteko jokoa baita poemategiaren ardatza, liburua zabaltzen duen Li Bairen aiputik hasi, lehen poema den Noraezean-etik pasa eta azken lerroetaraino.
Espazioetan ere azaleratzen da foko bikoitz hori: batetik, kaleak agertzen zaizkigu, eta, bertan, ohiko eginkizunetan dabiltzanak, eskaleak, turistak, eta abar; bestetik, poetaren gela dago, bere eremua, barne bizitzari eta hausnarketari lotuagoa.
Tonuari dagokionez, Chiviteren poesia ez da batere anpatua edo antzaldatua: ahots apalez, tonua galdu gabe eta ironia finez margotzen ditu poemak. Gehienak oso laburrak dira, eta irudi baten inguruan eraikiak daude. Horretan zerikusia dauka Ekialdeko kulturak ere, batez ere elipsietan eta iruditerian azaleratzen baita haren inpronta. Esan behar da, bide batez, barneko irudiak —zeru lauso, dorre ilun eta argindar hariak— egilearenak direla, eta baita azaleko argazkia ere.
Liburua orokorrean balioetsiz, suma liteke poema askok, bildumaren barruan ez baleude, ez luketela koadernoko ohar pertsonaletik harago ezkutatzen den arnasa poetikorik; alegia, makrotestuak berak ematen die poema askori zentzua eta indarra, osotasunaren parte gisa. Osotasun horretan dago, hain zuzen, liburuaren lorpena, Pekingo kearen eta paseatzailearen arteko sinbiosian.
'Pekineko kea'
Pekingo pintzelkadak
Egilea: Beatriz Txibite Azkieta. Argitaletxea: Pamiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu