'Parallel Boulevard'
Non: Bilboko La Taller galerian.Noiz arte: Martxoaren 8ra arte.Erruduna NAIZ! Burua moztu diezadatela! [...] Zeren ni erruduna naiz eta zu berandu zatoz. Erruduna naiz, burua moztu diezadatela, eta zu ere berandu zatoz. [...] Bai, hanka sartu dut. Badakit! Hanka sartu dudala...».
Esaldi horiek Gema Intxaustik Bilboko La Taller galerian jarri duen erakusketako parte dira. Ez fisikoki, baizik eta bertan ezarri duen agertoki eskultorikoan Leire Olaran antzezlariaren eskutik ematen den ekintza eta kontakizunaren parte baizik. Inaugurazioan egin zuen saioa, eta otsailaren 15ean eta martxoaren 1ean egingo du berriz, erakusketa amaitu baino astebete lehenago.Antzezlaria galdutakoaren, erruaren eta doluaren inguruan mintzatzen da, eta artelana, gainontzeko elementuekin batera, benetan aberatsa den unibertso bat eraikiz doa. Beste egunen batean erakusketa bisitatzeko aukera duzuenok audio bati esker entzun dezakezue antzezlana.
Intxaustiren lana gizartearen, politikaren eta ekonomiaren mugetan ardazten da, eta, hasiera batean egunerokotasuneko objektuekin lanean hasi zen arren, Londresen zinema ikasketak egin ondoren, gorputzerantz eta gorputzaren ekintzarantz jo zuen bere lanak. Eta hori bere marrazki, testu, kontakizun eta gidoietan islatzen da, eskultura eszenaratze baten moduan ulertuz. La Tallerren aurkeztutako lana bere ibilbidearen eta lan prozesuarenezaugarri horiekin definitzen da.
Ibilbide artistikoari emandako 2018ko Gure Artea saria jaso ondoren, lehen erakusketa du hau Intxaustik. Bertan, Unframed Jane lanaren elementuen berrantolaketa berri bat aurkeztu duela esan dezakegu — Donostiako Tabakaleran, 2016ko Europako Kultur Hiriburuko programaren barruan, Peio Agirre eta Beatriz Herraezek antolatu zuten Arenzana Imaz Intxausti Montón Peral erakusketan aurkeztu zuen—. Lan hartako elementuak erabiliz eraikitzen da erakusketa. Beraz, La Tallerren, lan horretan aurkeztu zituen testu eta irudiz osatutako 176 marrazkiak berreskuratzen dira, eta horietatik guztietatik 25 ikus daitezke.
Horietan, hainbat testu irakur daitezke, Alfred Hitchcokek bere filmetan egiten zituen agerraldiak deskribatzen dituztenak, eta inguruan hodeien eta izar gorrien marrazkiak dituztenak. Horien aurrean, zirkuko pista bat inguratzen duen egitura zirkularraren hainbat modulu aurkezten dira, elkarren artean parentesi bat osatzen duten bi egitura eraikiz.
Bestalde, Parallel Boulevard izenburua Herbehereetako kostaldeko herrixka bateko kale baten izenetik hartzen du erakusketak. Izen horren aukeraketa ez da ausazkoa, herri horretan bertan baitago lurperatuta Aby Warburg. 2016. urtean Intxaustik Kearen Politikak proiektuan parte hartu zuen Tabakaleran. Hainbat artistari hitzaldi historikoen inguruan ekarpen bat egiteko gonbidapena egin zieten, eta Walburgek 1923ko apirilaren 21ean eman zuenaren inguruan osatu zuen bere lana Intxaustik. Warburgek artearen historia eta antropologia bateratzen dituen perspektiba bat zabaltzen du, jada teknika nagusi zen gizarte modernoetan keinu eta forma primitiboak nola helarazten eta aurkezten ziren ikertuz. Hainbat kulturatan keinuen biziraupena azaltzeko, Pathosformel terminoa sortu zuen Warburgen metodologiak. Arte historialari alemaniar haren hitzetan, keinu horiek denboran bere horretan mantentzen ziren, aztarnak edo Leitfossilien-ak sortuz. Fosiltzat hartutako keinu horien iraunkortasuna errepikatzen den espresio baten erritmoarekin lotzen zen.
Eta, horrela, hainbat proiekturen oihartzunak nahastuz sortzen da Parallel Boulevard-eko unibertso aberats bezain aztoragarria. Zeren, lehen begiradan lasaia eta goxoa dirudien instalazio/eszenaratze baten atzean, Warburgekin lotzen den keinuen biziraupena kulparekin eta doluarekin nahasten da, eta nolabaiteko giro arraro bat eraikitzen da. Alde batetik, Hitchcocken erreferentzia dago, eta marrazkien bitartez irudikatzen dira jazarritako pertsonaietan eta kulpaz beteriko filmetan berak utzitako aztarnak. Bestetik, berriz, eszenaratze eskultorikoak gordetzen duen antzezlearen aztarna dago, proiektua ezagutu orduko airean nabari dena eta artelana osatzen duena. Berriro ere, eta ohikoa den bezala, proposamen interesgarri bezain sakona da Solokoetxeko La Taller espazioak eskaintzen diguna.