KRITIKA. Artea

Paseoan

Paisaiaren murmurioa erakusketako hainbat lan Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
'Paisaiaren murmurioa'

Non: Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Noiz arte: Maiatzaren 30a arte.

Mont Ventouxera igo ondotik Petrarkak 1336an idatzitako testua natur paisaiaren aurrean gozatzearen ondorioz sortutako sentimendu estetikoaren lehen agerpena kontsideratzen da. Ordutik, Erdi Aroan indarrean zen naturarekiko sentimendu arrotzaren aurrean, inspirazio, lilura eta sorkuntza motibo oparoa izan da paisaia naturala, arrazionalismoak bultzatutako izadi menperatu eta zehatzetik hasita erromantizismoko kontzepzio mugagabe eta kaotikoraino. Eta XX. mende hasieratik arteak kanpoko errealitatean baino gehiago begirada subjektuaren barnealdean jarri badu ere, paisaia genero gisa ez da sekula desagertu.

Natur paisaiaren inguruko begirada garaikideak agertu nahian, hainbat belaunalditako hamar sortzaileren obrak biltzen dira Koldo Mitxelenan. Diskurtso teoriko sakonik gabeko erakusketa da, baina egiaz, ez da halakorik faltan sumatzen, funtsean mostra intuitibo eta sentsuala baitugu. Paisaia da —bere zabalera eta konplexutasunean— gai zentrala, freskoa eta askea, anbiguoa nola, iradokitzailea hala, eta ikuspegi natural idealizatu —locus amoenus— zein artegagarrien —locus horrendus— artean, lorategi artifiziala edo natura basatia, misterioa eta deskantsua, edota teknologia berriek izadia begiratzeko, ulertzeko, tratatzeko modua nola aldatu duten hausnartzeko parada ematen duen ibilaldi atsegina proposatzen du.

Gentz del Vallek (Lekeitio) lengoaia delikatuaren bidez —gardentasunak, harriak eta oihalak baliatuz— garatzen du imajinario pertsonala, marrazki intimo eta ezkutuak abiapuntu dituen instalazio eta bideoetan, kutsu sinboliko eta magikoko barne natura sotilari bide emanez. Bere aldetik, konposizio begetal mikroskopiko eta labirintikoen bidez abstrakzioaren eta figurazioaren arteko mugetan mugitzen da Arantxa Gereño (Donostia, 1955), bi aldeetatik tindatutako marrazkietan emaitza delikatu eta lirikoa lortuz.

Irantzu Antonaren (Iruñea, 1979) paisaiaren kontenplazio ariketek —izan argazki mosaikoez zein basoko puntu jakin bat dokumentatzen duen kamera finkoagaz— lupa azpian kokatzen dituzte ohiko begiradetatik ihes egiten duten errealitateak, arrunt bezain txundigarriak. Era berean, Iñigo Royoren (Donostia, 1962) geografiaren paradoxak jardute esperimental desberdinen fruitu dira; Google Earth programan hainbat kontzeptu sartuz agertzen diren paisaien bildumak edo ozar izar baten dokumentazio serial eta analitikoa, kasurako.

Maria Cuetok (Aviles, 1960) material lehorrekin eta hostoekin eraikitzen ditu aretoko aire korronteek dantzan jartzen dituzten eraikuntza etereo konplexuak, argiztapenaren bidez begirada multipleak ahalbidetzen dituztenak. Orobat, Pilar Soberonek (Lasarte, 1971) izoztutako errealitateen hauskortasuna du mintzagai; ertz, zulo eta arrakaletan ezkutatutako materiaren mutazioen istantek aditzera ematen dute solidotasunaren hauskortasuna.

Teknika tradizionalenen aurrean, teknologia berriek presentzia nabarmena dute erakusketan. Hala, ARTEK[LAB]-en fundatzaile Jaime de los Rios artistaren (Donostia, 1982) planteamendu plastikoan —sabaian proiektatutako instalazio multimedia— erritmo geldo baten arabera mugitzen, hazten dira forma geometriko koloretsuak, erliebe digital eta abstraktuei bide emanez. Bestetik, soinumapa.net proiektuari dagokionez, Koldo Mitxelenako aretoan kokatutako irratiaren diala mugitzean Euskal Herriko hainbat txokotan erregistratutako soinuak —euri zaparrada bat, kilkerrak gauez, itsasoa— aurkezten dira erreferentzia geografiko barik eta zoriaren (imajinazioaren) eskuetan, anbiguotasunarekin eta soinuaren indar autonomoarekin jolasean.

Objektiboagoak dira Unai San Martinen (Eibar, 1964) argazkiak, tamaina handien eta artifizioen beharrik gabe ere, indartsuak oso; harkaitzen plastikotasun gordina, itsasoaren handitasuna eta baso itxien mugagabetasuna mintzagai, laukiztatutako eszena ikusgarri eta ederrak ditugu. Azkenik, eskulturagintzan produkzio oparoa duen Alvaro Matxinbarrenaren (Donostia, 1958) bideo hipnotikoa bilakaera narratibo eta logiko argi bako edizio zainduko ikus-entzunezko proposamena da. Ibilaldi arruntaren erritmoa modu bikainean osatu du postprodukzio lanarekin eta Ibon Errazkinek konposatutako base elektronikoko musikarekin. Mostrako obra konplexu eta borobilena da.

Basotik, badiatik, menditik legez, aretoetatik paseatzera gonbita egiten du erakusketak, erritmo azkarrean batzuetan, ustekabeko aurkikuntzez gozatzeko geldialdiak eginez bestetan, bistei zein beste paseatzaileei behatzeko eserleku batean lasai ederrean atseden hartzeko aukeragaz, isiltasunean naturaren zurrumurruak entzunez betiere. Halaber, paseo baten ondoren, gorputza eta espiritua indarberrituta sentitu ohi ditugu, ibilaldiek —eta are gehiago artelanez blaitutako testuinguruan— burutazioen trafiko bizia, jostalaria, sortzailea ahalbidetzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.